Alfonso Sastre idazleak Errepublikaren inguruko hitzaldia eman zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Bere izena daraman elkarteak urtero antolatzen dituen TopASKEtak jardunaldien aurtengo edizioaren lehenengo saioan, Arnaldo Otegik lagundu zuen Sastre. Idazle madrildarrak Errepublika garaiko antzerkiari buruz egin zuen berba. Otegik, aldiz, errepublika bideratu behar duten baloreetan oinarritu zuen bere hitzaldia.
Ekitaldiaren oihartzunak antolatzaileen aurreikuspena gainditu zuen. Aretoa jendez gainezka zegoen. Eserleku guztiak hartuta. Aldamenean jendea zutik. Eta kanpoan, Koldo Mitxelenaren hallean, jende gehiago, emanaldia pantaila batean jarraitzen. Alfonso Sastrek eman zion hasiera saioari. Errepublika egokia izateko, errepublika ezarri behar dela adierazi zuen: “Eta ez berrezarpena, oinordetzan hartutako etorkizun baten akatsak ez egiteko”. Akats horiek bere gogoetara egokituz, Bigarren Errepublikan egiten zen antzerkia kritikatu zuen, antzerkia egiten zuten artistak, konkretuki. Errepublikan antzerkiak mundu guztiari ireki zizkion ateak. Milizia gizonak, langileak eta maila baxuko jende gehiago sartzen hasi zen. Aktoreek mespretxuz ikusten zuten hori, eta “komedia txarra” egiten hasi ziren.
Sastreren iritziz, antzerkiaren programaketa ez da edonola egiten. Horregatik, errepublikaren antzerkia “komedia konplexua” izan behar dela adierazi zuen. “Nik proposatzen dudana zera da: antzerkitik kultura gaixo eta kaskarra desagerraraztea”.
Sastreren hitzaldiaren ostean, Otegik bereganatu zuen hitza. Bere esanetan, eroso zegoen bertan: “Komunisten ondoan nahiko gustura sentitzen naiz; ez komunista guztien ondoan, baina bai, bederen, komunista zintzo eta herriarekiko konpromisoa adierazten dutenekin”.
Arnaldo Otegi euskaraz hitz egiten hasi zen, baina berehala pasa zen gaztelaniara eta hizkuntza horretan jarraitu zuen amaitu arte: “Gaztelaniaz, erdaraz edo espainolez hitz egingo dut herri honen askapen proiektuarekiko elkartasuna erakutsi duten Espainien seme-alaba guzti horiekiko errespetuagatik". Otegiren hitzetan, "gaur egun gaztelaniaz hitz egitea ez da errepresio sintoma, gure egoeragatik arduratzen den jende horrekiko errespetu zeinua baizik”.
Batasunako bozeramaile ohiak “boterearen jarduera etiko” bezala definitu zuen errepublika. Zentzu horretan, errepublika “egitura politiko konkretu bat duen erakundea baino gehiago” dela aitortu zuen. Ez da soilik monarkiari kontrajartzen zaion eredua, baizik eta printzipio errepublikanoetan oinarritzen den “boterea eragiteko modu konkretua”. Printzipio horiek deskribatzerakoan, arrazoian oinarritutako eztabaida publikoa, askatasun kolektiboa, berdintasun ekonomikoa, laikotasuna eta neoliberalismoaren aurkako elkartasuna defendatu zituen. "Internazionalismoa" aldarrikatu zuen, norberaren herriaren interesez gain, herri guztien interesak defendatzeko.
Ekitaldiaren amaieran, Zutoia Alarziaren laguntzaz, Alfonso Sastrek bere Alfonso Sastre se suicida izeneko obraren irakurketa dramatizatua egin zuen, ikusle guztien txalorik beroenak erakarri zituena.