argia.eus
INPRIMATU
Alfonso Etxegarairen itzulerari buruzko dokumentala egiteko herritarren laguntza ekonomikoa eskatu dute
  • Alfonso Etxegarai ETAko kide ohiak 33 urte eman ditu Afrikan deportatuta eta irailaren amaieran jakin zenez, Euskal Herrira itzuli berria da. Itzulera hori kontatu nahi du Caminho longe dokumentalak eta horretarako herritarren diru-ekarpenak jasotzen ari da.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 09a
Alfonso Etxegaraik hiru hamarkada baino gehiago igaro ditu Afrikan deportatuta (argazkia: Caminho longe dokumentala).

10 urte bete dira Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarren denbora dokumentala grabatu zutenetik –ARGIAren multimedia kanalean ikus daiteke filma–. Etxegarai eta haren bikotekide Kristiane Etxaluz zituen protagonista dokumental hark eta, nolabait, Caminho longe horren jarraipena izango da: Etxegarai Afrikako erbestetik nola itzuli den grabatu dute; zuzendariek harekin batera egin dute itzulerako bidea, azaldu dutenez, nahiko gorabeheratsua izan dena.

Bost eguneko grabazioa izan da, ia etenik gabea; eta horren ondorioz, filmeko protagonistak une batetik aurrera kameren presentziaz ahaztu dira, modu erabat naturalean jokatuz. Horri esker, hain erbeste luzetik etxerako itzulera barrutik nolakoa den kontatu ahalko dute filmean.

Adabaki Ekoizpenek bultzatutako proiektu hau herritarren ekarpenei esker finantzatu nahi dute. Horretarako, Verkami plataforman diru-ekarpenak egiteko aukera jarri dute. Zinegileek 25.000 euro behar dituzte pelikula behar bezala egin ahal izateko –crowdfundingaren orrian xehe-xehe dago azalduta jasotako dirua zehazki zertan erabiliko den– eta lerro hauek idazten ari garenean 9.000 euroko langa gainditua duten arren, hilabete hau da gakoa proiektuari bultzada emateko.

Diru ekarpenak egiten dituztenek hainbat sari jasotzeko aukera izango dute, emandako laguntzaren ordainetan.