ETBk bere hizkuntza irizpideak urratzen jarraitzen du.
ETB2ko albistegian hitz egin berri duten Zestoar guztiek gaztelaniaz egin dute. Ez da udalerri horretako egoera soziolinguistikoaren isla, ez da errealitatea. Eta ez da soil-soilik herritarren ardura hizkuntza hautatzea. #esangabedoa
— Eneritz Albizu (@marimototx) December 4, 2017
Zestoako herritar batek azaldu digu, berak euskaraz erantzun zuela. Ondoren, gaztelaniaz erantzuteko eskatu zioten eta berak ezetz, azpitituluak jartzeko. ETBk ez zuen publikatu euskaraz bakarrik erantzuteko hautua egin zuen herritarraren erantzuna
— Danbolin (@danbolinzestoa) December 5, 2017
Zestoako “Danbolin” herri aldizkariak jakinarazi duenez Euskal Telebistako kazetariak gaztelaniaz egiteko eskatu zien herritarrei, denboralearen tximista batek kanpandorrea bota izanaren harira. ETB2ko informazio batzuetan euskaraz agertu dira herritarrak, baina baita euskaldunak gaztelaniaz egiten ere. Ez hori bakarrik, Zestoako alkatea Josetxo Mendizabal, espainolez aritu da, eta hala agertu, ETB2n eta Radio Euskadin. Hemen EITB.EUS-en topa daitekeen bideoa:
Erabat urratzen du horrek EiTB berak onartu dituen hizkuntza adierezpenen tratamenduak –Oier Aranzabalek azaldu zuen artikulu batean nola irizpide horiek berriki aldatu diren euskararen kaltetan–.
Estilo liburuak argi dio: “Euskara nagusi den herrien kasuan, herriko bizitza ukitzen duten gaietan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna”. Zestoan %84 da euskalduna, eta kale erabilera %63koa da. Zergatik eskatzen du kazetariak gaztelaniazko adierazpena? Ulertezina, eta salatzekoa da.
Albiste hau Zuzeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra