argia.eus
INPRIMATU
Alferreko eta inposatutako azpiegituren aurkako jardunaldiak Baionan, uztailaren 15etik 17ra
  • Behar Gabeko Proiektu Erraldoi eta Inposatuen Kontrako Foroa lehen aldiz etorriko da Euskal Herrira seigarren edizioan. Uztailaren 15etik 17ra bitartean, Baionako Itsas Elkartearen egoitzan, eta Ipar Euskal Herriko Attacek, Bizik, CADEk eta Notre Dame des Landeseko euskal komiteak antolatuta, inposatutako eta alferreko azpiegituren gaineko gogoeta egingo dute larrialdi klimatikoaren testuinguruan, besteak beste.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko uztailaren 12a
2010ean sinatutako Hendaiako Agiria izan zen alferreko azpiegituren aurkako mugimenduaren hazia. Argazkian, Agiriaren sinatzaileak Europako parlamentuaren aurrean, 2010eko maiatzean (Arg: CADE).

2011n egin zen estreinako Behar Gabeko Proiektu Erraldoi eta Inposatuen Kontrako Foroa (frantsesezko GPII siglekin izendatu ohi da), Italiako iparraldeko Valsusa haranean, eta ordutik azpiegitura handi eta alferrekoen kontrako borrokak dauden hainbat lekutan antolatu dute. GPIIren aurrekaria Hendaiako Agiria da, Euskal Herriko CADE elkartearen ekimenez 2010ean zenbait taldek sinatutako dokumentua. Hazi hartatik sortu zen, luze gabe, Behar Gabeko eta Inposatutako Proiektuen Sarea, GPII biltzarrak sustatzen dituena.

Hendaiako Agiria hainbat abiadura handiko tren proiekturen aurkako aldarria da; borroka zehatz horri lotutakoak dira GPIIn parte hartuko duten eragileetako asko, baina bestelako azpiegituraren kontra diharduten taldeak ere batu dira. Esaterako, Bretainiako Notre Dame des Landes-en lurrak okupatuz aireportu bat egiteko aspaldiko asmoa geldiarazita duen mugimendua. Han egin zen GPIIren bigarren edizioa 2012an.

Bizikleta martxak Baionarantz

Uztailaren 4an bizikleta martxa bat abiatu zen Valsusatik, lehen GPII bilera egin zen Italiako eskualdetik, Baionarantz. Bidean haiekin bat egiteko asmoz, uztailaren 10ean beste martxa bat atera zen Donostiatik. Okzitaniako Argelèrs-Gasòsten bi adarrak elkartu eta gero, uztailaren 14an iritsiko da Baionara martxa bateratua. GPIIren antolatzaileek dei egin dute nahi duen orok haiekin batera egiteko azken kilometroak, Lehuntzetik.