Europar Batasunak gogor kritikatu du Bielorrusiako goi agintarien jarrera. Errepresioarekin segitzen dutelako, zigortuen zerrenda zabaltzearen alde agertu dira 27 estatukideak, eta zigortuen artean da Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidentea ere.
Bielorrusiako hamarnaka goi agintari zigortzearen alde agertu da EB Europar Batasuna. Agintari zigortu horien artean dago Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidentea ere. Josep Borrell EBko diplomaziaburuak zehaztu duenez, zigortzearen alde agertu dira, herrialdeko agintariek ez dutelako elkarrizketaren aldeko inolako keinurik egin. Oposizioak abuztuaz geroztik eskatzen zion EBri Lukaxenko ere zerrendan sartzea.
"Ezer ez da hobetu Bielorrusian. Lukaxenkoren erregimenaren indarkeriak eta manifestari baketsuen atxiloketek segitzen dute. Horregatik zigor berrien bideratzea eta Lukaxenko zigortzea eskatu dut" Heiko Maas Alemaniako ministroaren hitzetan.
Jada urriaren 2an, Bielorrusiako 40 goi agintari zigortzea onartu zuen EBk, eta zigorrak areagotzearen eta zabaltzearen alde agertu ziren atzo, urriaren 12an. Zigorrak prestatzeko lanak hasiko dituzte Kontseiluko lantaldeek, eta egun gutxiren buruan Bielorrusiarentzako bigarren zigor sorta prest izatea espero dute.
EBk berriz baztertu ditu abuztuaren 9an Bielorrusian egin ziren bozen emaitzak: «Hauteskundeak ez ziren libreak izan, ezta garbiak ere», irakurri daiteke adierazpen idatzian.
Lukaxenkoren presidentetzak «zilegitasun demokratiko gabeziak» dituela nabarmentzen du EBk. Hauteskunde hauek geroztik, herritarrak karrikan dira Lukaxenkoren presidentetza salatzeko eta demisioa exijitzeko. Bielorrusiako Barne ministerioak jakinarazi duenez, zazpiehunlagun baino gehiago dira atxilotutakoak. 26 urte daramatza agintean Lukaxenkok.