argia.eus
INPRIMATU
Alex Salmondek dimititu egin du
  • Eskoziako lehen ministroak kargua utziko duela adierazi zuen ostiralean, independentziari buruzko erreferendumaren emaitzak ezagutu eta gero. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buruzagitzari ere uko egingo dio.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 22a
Alex Salmond (argazkia: RTVE)

“Lider bezala, nire etapa bukatu da, baina Eskoziarentzat kanpainak jarraitzen du eta ametsa ez da inoiz hil behar”, adierazi du Salmondek prentsaurreko batean. Independentziaren aldeko kanpainan izandako akatsak bere “errua” izan direla aitortu du, baina hala ere, analistek ziotena baino askoz gehiago lortu dutela.

SNPk buruzagi berria aukeratuko du alderdiaren hurrengo batzarrean, azaroaren 13-15ean. Baliteke handik astebetera Eskoziako parlamentuak lehen ministro berria izendatzea, Salmondek adierazi duenez. Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministrorde eta SNPko bigarrena da hautagai nagusia Salmonden lekua hartzeko.

Buruzagi independentistak adierazi du “aurpegi berriak” behar direla “prozesua aurrera ateratzeko”, bereziki Londresekin egin beharko dituzten negoziaketei dagokionez. Izan ere, gobernu britainiarrak Eskoziari botere gehiago agindu arren, “atzera egiten hasi direla dirudi”, salatu du Salmondek.