Bortxaketa saiakera eta sexu erasoa bezalako karguekin, bederatzi emakumeren aurkako hamahiru kasu zituen epaitegian Eskoziako lehen ministro ohiak. Hamargarren emakume batek ere jarri zion salaketa, baina fiskaltzak atzera bota zuen. Orain, Edinburgoko Auzitegi Gorenak errugabe deklaratu du.
Akusazioak 2008 eta 2014 artean izan ziren, Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) buru izan zen urteetan. Salmondek hasieratik deklaratu zuen bere burua errugabe, eta hamabost pertsonak osatutako herri-epaimahaiak arrazoia eman dio. Ez dela leporatutako hamabi sexu erasoen egilea izan, eta hamahirugarrena frogatu ezin dutela adierazi du.
Salmondek berak salatzaileetatik hirurekin harreman sexualak izan dituela onartu du, betiere bien onespenarekin. Hala ere, onartu du “kontu handiagoarekin” ibili behar duela jendearen espazio pertsonalarekin, eta esan du akusazio batzuk “delitu sexual bilakatutako gauza inuzenteak” izan zirela.
Akusazioak “helburu politiko batekin” egin dituztela salatu du Salmondek, eta “esajeratu” egin dituztela. Bere defentsarako taldeak salatu du Salmonden salatzaileetako bat gainontzekoekin harremanetan jartzen saiatu dela, eta horri “kiratsa” dariola. Gehitu du bere bezeroa ez dela beti ondo portatu, eta “askotan gizon hobea” izan zitekeela, baina ez diola inori sexualki eraso.
Salatzaileen abokatu Alex Prenticek, bere aldetik, Salmonden aurka egin du. "Hau ez da konspirazio politiko bati buruzko epaiketa, sexu desirak asetzeko inpunitatez bere botere politikoaz baliatu zen gizon bati buruzkoa baizik", adierazi du.
Epaitegiaren erabakia jakin bezain pronto bere aliatu zaharrei emandako babesa eskertu die Salmondek, eta eskoziarrei eskatu die arreta guztia koronabirusari emateko.
Barne haustura SNP alderdian
Epaiketa honek barne haustura ekarri zuen SNP alderdian, eta hori dela eta, Nicola Sturgeon, 2014az geroztik SNPko buruak epaiketaren inguruan iritzirik ez ematea erabaki du.
Ez dute gauza berea egin alderdiko emakume guztiek, izan ere, Joanna Cherry diputatuak Salmond alderdian berriz onartzeko eskatu du, eskandalua hasi zenean lehen ministro ohiak berak erabaki bazuen ere alderdia uztea. Ez hori bakarrik, Cherryk ikerketa bat abiaraztea eskatu du, alderdiak berak Salmonden aurkako kexuak kudeatu zituen moduari buruz. Horri esker egin baita epaiketa.