argia.eus
INPRIMATU
Alerta Gorria mugimenduak batzera dei egin dio ekitaldi eta ikuskizunen sektoreari
  • Gorriz argiztatu dute Bilbao Arena eraikina, sektorea osatzen dutenei bat egitera dei egiteko. Batasunean ikusi dute beren eskakizunak Eusko Jaurlaritzari helarazteko gakoa.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 01
Alerta Gorria mugimenduaren mobilizazioa, irailean (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astelehen iluntzean Bilboko Bilbao Arena eraikina gorriz argiztatu dute ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko 80 ordezkarik, Alerta Gorria mugimenduak burututako ekintzaren baitan. Sektoreko langileei batzera dei egitea izan da ekintzaren helburua, batasun hori baliatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzari beren eskakizunak helarazteko, eta aterabideetara bidea egiten hasteko.

Sektorearen biziraupena bermatzeko neurri urgenteak hartu ditzala, exijentzia hori helarazi nahi dio Alerta gorriak Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, azaldu dutenez, sektorea zaurgarritasun egoeran dago, aintzatespen falta bizi du eta gobernuaren laguntzak urriak dira. “Profesionalak eta beren familiak, eta sektoreko enpresak, kolapsoaren eta hondamenaren ertzean daude”, ohartarazi dute.

Positibotzat jo dute #RedAlert eta #WeMakeEvents aldarriekin irailaren 30ean mugimendua nazioarte mailan batu izana eta hainbat eraikin gorriz argiztatu izana, iritzirik horrek eragiten duela mediatikoki eta sareetan, ministerioetara ateak zabalduz eta horiekin elkarrizketak posible eginez. Alabaina, pauso handia izanik ere, nahikoa ez dela adierazi dute, tokian tokiko gobernu eta udal organismoen ateak ere zabaldu behar direla argudiatuz. Zentzu horretan, mugimenduak beren eskakizunak Eusko Jaurlaritzari helarazi beharra ikusi du.

Sektorea segurua da

Ekitaldi eta ikuskizunen sektorea segurua dela ere azpimarratu nahi izan du mugimenduak, adieraziz badakitela ekimen seguruak egiten. Horren adibidetzat jarri dute irailaren 17an egindako mobilizazioa, zeina segurtasun neurriak hartuz gauzatu zen. Horretaz gain, sektoreko profesionalek osatu duten Covid-19aren testuinguruan kontzertuak eta ikuskizunak antolatzeko gidaliburua eta gidalerroak segurtasun gida ere badaukatela jakinarazi dute. Berau irakurtzeko gonbita luzatu, eta administrazioak gonbidatu dituzte gida ikertzera “jarduteko jarraibide komun batzuk sortzeko, ikuskizunak eta ekitaldiak egin ahal izateko, eta, azken batean, lan egin ahal izateko”.