argia.eus
INPRIMATU
Alerta egoera: euriteek uholdeak eta luiziak eragin dituzte
  • Eurite iraunkorrengatik alerta laranjan daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, baita Nafarroa iparraldean ere. Eusko Jaurlaritzaren krisi-mahaia arratsaldean bildu da ibai arroen uraren emariaren gorakadaren ondorioz hartu beharreko neurriak aztertzeko. Hainbat tokitan ibaiek gainezka egin dute eta luiziek trabak eragin dituzte garraiobideetan.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 09a
Mungian ibaia inguruko lurrak hartzeko zorian.

Euriak ez du gelditu ere egin azken orduetan eta aurreikusita zegoen bezala, uholde arrisku handia da Euskal Herriko zenbait tokitan. Zadorrak adibidez, inguruko lurrak hartu ditu jadanik eta Kadagua ibaia ere bere arrotik atera da; hainbat etxe, baratze eta errepide harrapatu ditu urak:

Euriak luiziak ere eragin ditu. Horietako baten ondorioz Renfe konpainiako aldiriko zerbitzuetako trena trenbidetik irten da lur-metarekin talka egin ondoren Brinkola eta Beasain artean, Gabiria herriaren parean. Zerbitzua etenda geratu da Irungo norabidean eta autobus zerbitzua jarri du Renfek. Barruan zeuden pasaiarien artean ez da zauriturik izan, baina luiziak irudi ikusgarri eta arriskutsuak utzi ditu:

Itsasgora iluntzerako emana dago eta begi guztiak ibaiei adi daude, orduan izango baita uholdeen momentu arriskutsuena, urak gora egiten duenean. Eusko Jaurlaritzak Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren larrialdi fasearen bigarren maila aktibatu du eta krisi-mahaira deitu du Aholku Batzordea.

Gutxienez ostiral 15:00ak arte alerta laranjan daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prezipitaio iraunkorrengatik. Nafarroan alerta laranja iparraldeko eskualdeetan dago ezarrita, gainerakoan horia, baina elurteengatik ere arazo ugari espero dira, batez ere ipar-ekialdean. Uholdeen ondorioz, bestalde, aurre-alerta egoeran daude oraingoz.