argia.eus
INPRIMATU
Alerta deia egin du Europako Batzordeak COVID-19ak hartu duen abiaduragatik
  • Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak Europar Batasuneko estatuei eskatu die COVID-19aren kontrako neurriak zorroztu ditzatela, hark esan duenez "herrialde batzuedan dagoeneko egoera martxoan izan zena baino txarragoa ere badelako". Ostegunero ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak egoeraz zabaltzen dituen estatistika eta mapek agerian utzi dute egoera konplikatzen ari dela Mendebal Europa osoan.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 25
COVID-19aren hedadura Europan 2020ko irailaren 23aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak astero koronabirusaren garapenak aurreko egunetan utzi duen argazkiaz zabaltzen dituen estatistika eta mapak aurkeztean egin du ohartarazpena Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak: "Europar Batasunako herrialde guztiek antolatu behar dituzte garaiz eta berehala beharrezko neurriak, pandemiaren lehen arrastoak nabaritu bezain laster. Hau izan liteke azken aukera martxoan bizi izan genuena bezalako egoera saihesteko".

Ostegunean ECDCk zabaldutako mapak oso nabarmen erakusten du nola egin duen okerrera egoerak Mendebaldeko Europa osoan. Alderatuz aurreko astekoarekin eta are gehiago duela bi astekoarekin –ikusi albiste honetan beherago– Espainian larritasuna mantentzen da, kolore arinagora pasatu den Galizia ez beste erkidego guztietan, Frantzian nabarmen ugaritu dira kolore iluna merezi duten eskualdeak, Txekiako lurralde osoa dago orain kopuru txar horietan, Belgikaren erdia ere bai, eta kolore ilunak irudikatzen duen egoera konplikatua daukate orain Europako herrialde gehiagotako hainbat eskualdetan, esaterako Erresuma Batuan, Herbehereetan... Hobera egin duten bakarretakoa Errumania da.

Espainiak aurreko 14 egunetan metatu ditu 100.000 biztanleko 320 koronabirus positibo berri, Txekiak 229, Frantziak 204, Belgikak 139, Herbehereek 132, Hungariak 117, Austriak 108... Ondoena dabiltza Polonia 25ekin eta Alemania 27rekin. Horien konparazioan, Euskal Autonomia Erkidegoak –Osakidetzak ostegunean zabaldutak asteroko buletinaren arabera– azken bi astetan 320 kasu eduki ditu, hain zuzen Espainiaren mediak ematen duen kopuru bera. ECDCren mapetan kolore ilunena hartzeko kopurua 120 kasuetean dagoenez, hortik gora dabilen eskualde bakoitzaren larritasun maila ez da aski agerian geratzen.

Egoera duela aste bete, irailaren 10ean. (Irudia: ECDC)

EAEko eta Nafarroako datuak bilduta, azken astean 72 pertsona hil ditu COVID-19ak Hegoaldean, Berria-k kontabilizatu duenez. Uztailaz geroztik indartzen etorri den bigarren beroaldiko asterik txarrena izan da azken hau.