argia.eus
INPRIMATU
Alemaniara gasa daraman Nord Stream 1 bidea itxita, oraingoz hamar egunerako
  • Errusiako gasa esportatzen duen Gazprom enpresak uztailaren 11 eguerdian itxi du Alemaniara eta handik Europara gasa zabaltzen duen Nord Stream 1 gasbidea, mantentze lanak egiteko. Uztailaren 21 arte daude aurreikusita ohiko lan horiek egitea, eta ondoren berriz hasi beharko luke gasa eroaten. Alemaniako Gobernua beldur da gehiago Errusiako gasa jasotzeari utziko ote dion.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a

Azken asteetan jada Nor Stream 1ek ohi baino gas gutxiago garraiatu du. Errusiak adierazi du arrazoi teknikoak egon direla horretarako: turbina bat falta zuela eta Kanadako Gobernuak zeukala blokeatua bere lurretan, Errusiaren aurkako zigor ekonomikoen ondorioz. Alemaniako Gobernuak erantzun dio arrazoi politikoengatik gutxitu duela gasbidearen emaria, berau kudeatzen duen Gazprom enpresak badituela beste rubina batzuk baina Kanadako Gobernuari eskatu ziola. Uztailaren 9an iragarri zuten Kanadako agintariek eskaera bete egingo zutela.

Errusiako gasa jasotzeko Alemaniara dauden beste hiru gasbideak ere itxita

Nord Stream 2 gasbideak ere lotzen ditu gasaren bidez Errusia eta Alemania. Udazkenean amaitu zuten, baina itxita dago, Ukrainako gerraren atarian Alemaniako Gobernuak eten egin zuelako. Pello Zubiriak hemen kontatu zuen Europa nola katramilatu zen gasbide honetan, Mosku eta Washingtonen arteko lehian.

Jamal gasbidetik ere jaso izan du Alemaniak Errusiako gasa, Bielorrusiatik eta Poloniatik barrena heltzen zaiona. Baina emari hori ere etenda dago,  Poloniak uko egin ziolako Errusiari gasa errublotan ordaintzeari.

Soiuz gasbidearen adarrak ere iristen da Alemaniara, Ukraina zeharkatuta, baina hortik ohi baino gas gutxiago garraiatzen ari da Gazprom.

Europar Batasuneko herrialdeak gas biltegiak bete nahian ari dira, negurako

Europar Batasunak bere buruari jarri dion helburua da irailaren 30erako biltegiak %80 beteta izatea. Asko garestituta dago gasa Europako merkatuetan: Herbehereetako TTFn, 175 euroan salerosten ari dira orain gas megawatta, duela hilabete 85 euroan zegoenean eta duela urtebete 21 euroan. Prezioa gorantz doa, eta ikusteko dago neguan Europan gas eskasia egongo den.