argia.eus
INPRIMATU
Alemanian merkantzien garraioa arriskuan jarri du Rhin ibaiko lehorteak
  • Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da garraioari dagokionez, baina ur-maila baxuak itsasontzien pasabidea zaildu egin du. Alemaniako hainbat fabrikak haien produkzioa gutxitu edo gelditu beharko dute merkantzia faltagatik. Aditu batzuen arabera, baliteke Europako lehen potentzia den Alemania atzerapenean sartzea.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 22a
Rhin ibaia lehortzen ari da. / Argazkia: Tomás A. 0'Rorke @Bruce_Rambo

Alemaniako Industria Konfederazioak (BDI) adierazi du “lehorteak eta ibaien ur-maila baxuak industriarentzako hornigaien segurtasuna mehatxatu” egiten duela eta “enpresak okerrenerako prestatzen” ari direla. Ekonomilarien arabera, atzerapena gertatzeko aukera handitu egin da, hala adierazi du El País hedabideak.

BDIaren arabera, “denbora kontua da industria kimikoko edo siderurgikoko lantegiak deskonektatu behar izatea, olio mineralak eta eraikuntzako materialak ez iristea beren helmugara, edo karga astuna duten garraio batzuk ezin egin izatea”.

Alemaniak atzerapena jasango duela argi dago aditu batzuen ustez, horren froga da azken 23 urteetan izan duen superabit komertzial txikiena izan duela aurten, petroleo eta gasaren garestitzeagatik, hain zuzen ere. Hainbat arazo daude Alemanian ekonomiari lotuta, besteak beste, inflazio altua, etenaldiak energia-horniduran eta botila-lepoa (produktu edo zerbitzu baten eskaria eman daitekeena baino handiagoa denean) beharrezkoak diren ondasunetan. Horri guztiari lehortearengatik ibaiek duten ur-maila baxuak gehitzen bazaizkio, hainbat materialen garraioa oztopatzen ari dena, Alemania krisian sartzen ari delakoan daude hainbat ekonomilari.