Alemaniako parlamentuko goi ganberak sexu berdineko bikoteak ezkondu ahal izateko lege proposamena adostu du. Gai eta lesbianak legez ezkondu ahal izateko legeari baldintza bakarra gelditzen zaio: behe ganberaren onarpena.
Mozioa SPD sozialdemokratak, Die Linke alderdi ezkertiarrak eta Die Grünen berdeen aldeko bozekin onartu da. CDU alderdi demokristauak proposamenaren aurka bozkatu du.
Behe ganbarako Bundestagean abenduan eztabaidatuko da proposamena.
Legea konstituzioaren aurkakoa dela esan du Babariako justizia ministro Winfried Bausbackek. Alemaniar konstituzioan aldaketa egin ahal izateko indar politikoen bi herenak behar dira. Ondorioz, legea onartzeko demokristauen babesa beharko luke.
Sexu bereko bikoteen adopzio eskubideari dagokionez, Bausbacken iritziak CDU alderdiaren gehiengoaren iritziarekin bat egiten du: “Ezkontza familia tradizionalaren printzipioetan oinarrituta dago, hau da, umeak bere berezko (odolezko) gurasoekin hezi behar dira”.
“Bundestagak aukera ona dauka diskriminazioarekin amaitzeko”, Berdeen alderdiko Irene Alt politikariak esan duenez
Duela bi urte goi ganberan aurkeztutako antzeko iniziatiba batek sexu berdintasunean oinarritutako ezkontza legea onartu zuen. 2013ko irailean hauteskundeak zirenez, proposamena ez zen behe ganbarara eztabaidatzera iritsi.
Alemaniako gizartearen %70 baino gehiago sexu bereko lagunen ezkontzen alde dagoela adierazten dute estatistikek.