Astelehen goizaldean Alemaniako Weissach herrian errefuxiatu etxe bati su eman diote. Asteburuan herrialde germaniarreko ekialdeko Hildenau herrian istilu larriak izan dira NPD alderdi neonaziak errefuxiatu etxeen aurka antolatutako manifestazioan.
Larunbat arratsaldean supermerkatu abandonatu batean duela bi urte eta erditik baldintza oso kaxkarretan bizi diren 250 asilo eskaeradunen aurka jo dute neonaziek.
Protestetan nazi sinbologia zeramaten 600 pertsona bildu dira Junge Welt egunkari alemaniarraren arabera. Poliziak iritsi direnean harria, botila eta suziriekin erasotu dituzte. Hauek kezko bonba eta piperbeltz sprayarekin erantzun diete. Istiluetan 31 polizia zauritu dira eta bi pertsona atxilotu dituzte.
Alderdi neonazien indarra Alemania ekialdean handiagoa da mendebaldean baino. 2014. urteko hauteskundeetan NPD alderdiak bozen %7,5 jaso zituen erasoa gertatu den Hidenau herrian.
Errefuxiatuen aurkako erasoen 23. urteurrena
Asteburuan bete da Alemaniako Rostock hiriko errefuxiatu etxearen aurkako erasoaren 23. Urteurrena. 1992ko abuztuaren 22ko asteburuan ehunka lagunek molotov koktelak jaurti zituzten asilo eskaeradunen etxe baten aurka. Etxeak su hartu zuen eta hamarnaka lagun larri zauritu ziren. 3.000 pertsona inguruk erasoa txalotu egin zuten. Gertaera horrek asiloaren inguruko eztabaida zabaldu zuen gizartean.
Erasoaren inguruko bideoa:
Grezia eta Mazedoniaren arteko mugan istiluak
Asteburuan irudi gogorrak ikusi dira Grezia eta Mazedoniaren arteko Gevgelijako mugan.
5.000 lagun inguru mugan pilatzen ari dira, eta jendez betetako autobusek jendea garraiatzen jarraitzen dute, greziar autoritateen arabera
Mazedoniako Gobernuak larrialdi egoera deklaratu zuen ostegunean eta ostiralean poliziak muga itxi zuen. Egoera tamalgarria da, eta dagoeneko zenbait umek beraien gurasoak galdu dituzte.