argia.eus
INPRIMATU
Alemaniako sozialdemokratak
Merkelekin bat egiteko prest
  • Angela Merkelen alderdi demokristauak (CDU) sozialdemokratekin (SPD)  koalizio gobernua osatu dezake. Alemaniako sozialdemokratek  Merkelekin negoziatzen hastea onartu dute.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 21a
Angela Merkelen alderdiak soziodemokraten beharra du gehiengoa lortzeko.

Irailaren 23ko hauteskundeetan botoen %41,5 lortu zituzten demokristauek gehiengo osoa lortzeko bost eserlekuren faltan. Hortaz, gobernua osatzeko koalizioa osatu beharra du Merkelen alderdiak, gutxiengoan gobernatu nahi ez badu.

Azken legegintzaldian kide izandako Alderdi Liberalak oso boto gutxi lortu zituen hauteskundeetan eta Parlamentutik kanpo gelditu da. Berdeekin hasitako negoziazioak ere bertan behera geratu dira; beraz sozialdemokratekin elkartzea beste aukerarik ez dute demokristauek. Alemaniako sozialdemokratek batzarra egin dute eta demokristauekin balizko koalizio gobernua osatzeko negoziaketekin hastea onartu dute. Bozketan 229 ordezkarik hartu dute parte; horietatik 196k negozioazioaren alde egin dute, 31k kontra eta 2 abstenitu egin dira. Hala ere, SDP alderdiko ia milioi erdi militanteek izango dute azken hitza, haien esku  egonen baita negoziazioak aurrera egiteko argi berdea ematea.

2005-2009ko legegintzaldian elkarrekin gobernatu zuten demokristau eta sozialdemokratek, “koalizio handia” deitutakoa osatuz. Akordio horren osteko hauteskundeetan II. Mundu Gerra garaitik izandako emaitzarik kaxkarrenak lortu zituzten. Hainbat alderdikide kezkatuta azaldu dira ituna errepikatzearekin. Negoziazioa hilabete edo gehiago luza daitekeela uste du Sigmar Gabriel SPDko presidenteak; eguberritarako Gobernua osatzeko moduan izango direla gaineratu du.

Sozialdemokraten eskaerak

Koalizioa osatzeko hainbat baldintza ipiniko dituzte sozialdemokratek. Horien artean honako eskakizunak egingo dizkiote Merkelen alderdiari: Orduko 8,5 euroko gutxieneko soldata, emakume eta gizonen soldatak parekatzea, hezkuntza eta azpiegituretan inbertsio igoera, pentsioak parekatzea, finantza transakzioetan zerga ipintzea, herritartasun bikoitza izateko aukera, eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko erraztasuna ematea.