argia.eus
INPRIMATU
Alemaniako gas hornitzailerik handiena nazionalizatuko du gobernuak
  • Alemaniako gas hornitzailerik handiena nazionalizatzeko akordioa itxi dute herrialdeko gobernuak eta Uniper enpresak. Ukraina eta Errusiaren arteko gerra hasi zenetik 8.500 milioi euroko galera pilatu du enpresa pribatuak eta horri aurre egin ezinik, gobernuak ordainduko du zorra, gas hornikuntza bermatzea helburu.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 23a

Enpresa pribatu bezala gasa hornitzen ezin duela jarraitu aitortu dute Uniper enpresako agintariek, gerra hasi zenetik Errusiatik iristen zen gasa murriztu dela eta beste alternatiba batzuk bilatu behar izan dituenean merkatu libreko prezioei ezin izan diela aurre egin. 8.500 milioi euroko galerak metatuta, Alemaniako Gobernuak erabaki du diru hori ordaindu eta enpresa nazionalizatzea.

“Jabetza garbia duen azpiegitura sortuko dugu, enpresek, udal zerbitzuek eta kontsumitzaileek behar duten energia hornikuntza bermatu asmoz”, adierazi dute Gobernutik. Administrazio publikoak %98,5eko parte-hartzea izango du enpresan.

Astebete lehenago, Errusiako estatuak gestionatzen zituen Alemaniako hiru petrolio-findegien kontrola hartu zuen Alemaniak, hori ere “neguan hornikuntza energetikoa bermatzeko” eta “Errusiako petrolioaren enbargotik Alemaniako ekonomia babesteko”.