Poz kolpea Katalunian: Schleswig-Holstein lurraldeko auzitegiak aske utzi du ostegun arratsaldean Carles Puigdemont lehendakaria, 75.000 euroko fidantzapean, argudiatuz azin zaiola egotzi matxinada delitua eta ondoren aztertuko dutela diru publikoen balizko erabilpen okerrarena. Arratsalde berean Belgikako justiziak erabat libre utzi ditu, ez fidantza eta ez baldintza, Comin, Serret eta Puig kontseilariak.
Soka luzea ekarri behar du Schleswig-Holsteineko epaileen ebazpenak. Hauek idatzian diotenez, Espainian Guardia Zibilak eta Llanera epaileak Puigdemonti egozten dioten matxinada delitua ezin onartuzkoa da Alemanian. Askok egunotan esan eta idatzi dutenaren kontra, epaileek diote Alemanian traizio itzela den delitua ezingo litzaiokeela egotzi Puigdemonten jokabideari, ez zelako bortizkeriarik egon.
Puigdemont derrigortuta egongo da orain dagoen udalerritik ez irtetera fiskaltzaren baimenik gabe datozen asteetan, epaileek erabaki bitartean zer dioten Espainiak Puigdemonten kontra aurkeztutako bigarren salaketaz, diru publikoen erabilera okerraz. Baina edonola ere, matxinada delitutik zuritu izanak asko arindu du presidentearen egoera legala.
Carles Puigdemontek berak lehenbiziko txioa zabaldu du Twitterretik, denei eskerrak eman eta "bihar ikusiko dugu elkar" iragarriz:
Ordu gutxi lehenago, Bruselako epaile batek libre utzi ditu Toni Comín, Meritxell Serret eta Lluís Puig Generalitateko kontseilariak inolako fidantzarik gabe, Espainiak haiek estraditatzeko aurkeztu duen euroagindua ebazten duen bitartean. Aldi berean, gaur jakin da Belgikak ikerketa bat daukala zabalik Carles Puigdemonti Espainiako CNI zerbitzu sekretuak autoan ezarri zion espioitza tresneriaren erantzukizunak argitzeko.