argia.eus
INPRIMATU
Alemaniako ehiztariek kalteordaina daukate Txernobylek kutsatutako basurdea ehizatuz gero
  • Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin eta 26 urtera, 1.500 kilometro urrunago Alemaniako Bavarian basurdeek zesiuma metatzen dute beren okeletan. Hori dela eta, ehiztari bavariarrek basurde hilak analizatzera eraman behar izaten dituzte gobernuak baimendutako 70 kontrol guneetarakoren batera. Ehizakien erdia baino gehiago atzematen dute agintariek, kiloko 600 Becquerel baino gehiagoz kutsatuta daudelako.

2012ko abenduaren 03a
Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin eta 26 urtera Alemaniako basurdeek zesiuma metatzen dute beren okeletan.

Gen4 gune frantsesak oroitarazi du prentsa generalistak hedatu izan duen berria. Christian Science Monitor-ek, esaterako, "Radioactive boars in Germany a legacy of Chernobyl" kronikan azaldu zuen eta L'Express astekari frantsesak "Des sangliers radioactifs en Allemagne" erreportajean.

Bavarian ehizatutako basurde askok ematen dute kiloko 7.000 Bcquerel baino gehiagoko irradiazio maila; istripuaren aurretik 0,5 Becquerel zeramaten, kontutan edukitzeko apalegi jotzen zena. 

Basurdeak lurreko landareen sustrai eta onddoz elikatzen direnez, zoruan pilatutako erradioaktibitatea irentsi eta okeleratzen dute. Agintariek haragi pozoituaren ordainetan kalteordaina pagatzen diete ehiztariei. Ehizaki kutsatuak ugaritzen ari dira eta indemnizazioak ere bai.

2011.ean Alemaniak milioi erdi euro gastatu zituen honetan. Horrela eragotzi nahi da eskualde horietako baserritarrek neguan basurde haragia erabiltzea eguneroko elikaduratzat.