Alemanian 1,1 izatera pasatu da gaixoak ingurukoak kutsatzeko erreprodukzio tasa, eta gaixotasunaren hedapena biderkatzeko tasa 1ekoa denez, COVID-19aren hedapena berriz indartuko den beldur dira. Ikusteko dago igoera hau puntuala den edo mantenduko den. Hiru aste betetzear dira Alemanian komertzioak irekiz deseskalada hasi zutela.
El Pais egunkariak jaso dituen informazioen arabera, Alemanian 1,1 izatera pasatu da gaixoak ingurukoak kutsatzeko erreprodukzio tasa, eta gaixotasunaren hedapena biderkatzeko tasa 1ekoa denez, COVID-19aren hedapena berriz indartuko den beldur dira. Hiru aste betetzear dira Alemanian komertzioak irekiz deseskalada hasi zutela, eta kalean herritarrak "erlaxatzen" ari direla dio El Paisek.
Hurrengo egunetan jakingo da ea 1,1eko hori igoera puntuala izan den edo mantentzen den.
Maiatzaren 6an adostu zuten Gobernu Federalak eta estatu federatuek denda guztiak berriz zabaltzea, eta ikasleak pixkanaka geletara itzultzea. Bundesliga publikorik gabe hastea espero dute hil honen erdialdera. Estatu federatu batzuek azken egunetan presioak egin dituzte murrizketak eta debekuak arindu eta jarduera ekonomikoa bizkortzeko.
Estatu federal bakoitzak ahalmena du erabakitzeko dendak zein erritmotan joango diren irekitzen. Baina hiri batean 100.000 biztanleko 50 kasu berri baino gehiago atzematen badituzte zazpi egunean, bertako administrazioak behartuta egongo dira irekiera hori berriz aztertzera. Baina araru hau nola betearaziko duten dudak agertu dira azken egunetan, izan ere, igande honetan bertan lau hiritan gainditu da gaixo berrien kopurua.
Alemaniako hiri askotan protesta ekintzak egin dituzte larunbata honetan ere. Jendetsuena Stuttgart hirian. Ekintza horietako batzuk elkarretaratzeak dira eta beste batzuk martxak. El Paisen arabera, bertan biltzen direnek profil anitza dute, badira teoria konspiratiboek pandemia badenik ukatzera eramandakoak, badira txertoen aurkakoak eta praktika esoterikoen aldekoak, eta baita eskuin muturreko jendea ere. Hauen ustez, koronabirusa beste gripe bat gehiago da eta Gobernuak COVID-19 erabiltzen ari dira eskubideak murrizteko, haien agenda politikoa ezartzeko eta probetxu ekonomikoa ateratzeko. Alemaniako Gobernuak jarritako murrizketen aurka protesta egiten dute.