argia.eus
INPRIMATU
Alemaniak talde neonazi bat legez kanpo utzi du, hirugarrena aurten
  • “Nordadler” izeneko talde faxistaren aurkako neurri legalak hartu ditu Alemaniako Barne Ministerioak. 2020an erakunde ultraeskuindarrekin egindako hirugarren esku-hartzea da.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 24a

Horst Seehofer Alemaniako Barne ministroak Nordadler izeneko talde ultraeskuindarra debekatzea ebatzi du gaur, Público egunkariak argitaratu duenez. “Ultraeskuinak eta antisemitismoak ez dute lekurik gure gizartean. Ez mundu errealean, ezta birtualean ere”, adierazi du Seehoferrek ohar baten bidez.

Debeku-agindua Ipar Renania-Westfaliak, Saxonia Behereak eta Brandeburgoko zein Saxoniako Estatu Federalek modu paraleloan eginiko miaketen ondoren etorri da. Steve Alter ministerioko bozeramaileak Twitterren aditzera eman duenez, "gaur goizean bertan lau estatu federatutan neurri polizialak hartzen ari dira. Ultraeskuinak eta antisemitismoak ez dute lekurik Interneten".

Erakundeak bere ideologia sare sozialetan zehar zabaltzeko hainbat izen erabiltzen ditu: "Völkische Revolution", "Völkische Jugend", "Völkische Gememeinschaft" eta "Völkische Reinaissance"; hots, “iraultza”, “gazteria”, “komunitatea” eta “berpizkundea” bezalako terminoak völkisch hitzarekin lotzeko joera dute. Adiera hori erromantizismoko literaturatik eratorria den arren, naziek ustezko “etnia arioa” eta Estatu naziaren herritarrak definitzeko erabiltzen zuten kontzeptua da.

Adolf Hitlerren eta hirugarren Reicheko beste hainbat figuraren jarraitzaile direla aitortzen dute, eta nazismoaren sinbologia eta hizkera bera darabilte. Taldeak profil antisemita nabarmena zuen, eta urbanizazio-proiektu nazi bat proposatzera ere iritsi zen, landa-ingurunean hainbat jarraitzaile zituena.

Nordadlerren buruak, gainera, joan den urrian Telegram mezularitza-zerbitzuko talde ireki batean goretsi zuen alemaniar batek Halle hirian sinagoga baten aurka egindako atentatua. Erasotzaile faxista tenpluan sartzen saiatu zen, eta saiakeran porrot egin ostean, kalean eta jatetxe batean bi pertsona hil zituen.

NTV katearen arabera, taldea nahiko berria da, duela hiru urte hasi baitzuen bere jarduera. Fiskaltzak bi urte daramatza bost kide ikertzen. Talde honen debekua Alemaniako Barne Ministerioak talde ultraeskuindarren aurka abian jarri duen hogeigarren neurria da, eta hirugarrena 2020. urteari dagokionez.

Urtarrilean ministerioak "Combat 18" talde neonazia ere debekatu zuen. Martxoan, aldiz, Geeinte deutsche Völker und Stämme delako elkartea (Alemaniar Herri eta Tribu Batuak). Azken hori Reichsburger (Reicheko Herritarrak) izeneko zirkuluekin lotuta dago, egungo Alemaniaren subiranotasuna onartzen ez duen mugimendu ultraeskuindarrarekin, hain zuzen ere.