argia.eus
INPRIMATU
Alemaniak eta AEBek ere tankeak bidaliko dituzte azkenean Ukrainara, eta Errusiak “probokazioa” salatu du
  • Alemaniak Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaliko dituela iragarriko du asteazken honetan Olaf Scholz herrialde hartako kantzillerrak, hainbat hedabidek azaldu dutenez. Era berean, AEBek Abrams tankeak bidaltzeko hautua egin dute. Errusiak AEBetan duen enbaxadore Anatoli Antonoven arabera erabaki hori Bidenen gobernuaren "probokazio nabarmena" da.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 25
NATOko eta EBko hainbat herrialdek irudikatu dute modu bateratuan bidaliko dituztela tankeak Ukrainako gerrara.

Aste osoan eztabaida eta presio ugari izan ostean, Alemaniak azkenean bere Leopard 2 izeneko tankeak bidaliko dizkio Ukrainako armadari, baina ez bakarrik, Europako beste hainbat herrialdek euren tankeak bidaliko dituztela iragarri baitute jadanik eta AEBek ere Abrams tankeak bidaliko ditu, iturri militarrek The Wall Street Journal hedabideari azaldu diotenez.

Hala, europar eta estatubatuar operazio zabalago baten aterkipean bidaliko dizkio gerrarako tankeak Alemaniako gobernuak Ukrainari. Der Spiegel-ek filtratu du albistea eta, dirudienez, asteazken honetan egingo du iragarpena Scholz kantzillerrak, Bundestagean ohiko galderei erantzuteko orduan.

NATOko eta EBko kide diren beste herrialde batzuek egunak daramatzate Alemania presionatzen, Leopard 2 tankeak bidal ditzan Donbassen errusiarrei aurre egiteko. Poloniak asteartean ofizialki eskatu zion baimena Alemaniari bere esku dauden marka horretako tankeak uzteko –ekoizlearen baimena behar baitu horretarako–. Poloniaz gain, beste hainbat estatuk dituzte Leopard 2-ak eta Ukrainara bidaltzeko asmoa adierazi dute, baimena izanez gero.

Hain justu, Alemaniak baimena emango duela adierazi du aste honen hasieran. Orain, berriz, berak bere arsenalean dituenak ere bidaliko dituela iragarriko du.

"Probokazio nabarmena"

International Institute for Strategic Studies (IISS) elkartearen arabera, Donbasseko gerra-frontean tankeekin eragiteko gutxienez ehun Leopard 2 tanke beharko lituzke Ukrainako armadak, eta zortzi herrialdek eurenak utziz gero, kopuru horretara iritsi daitezke.

Errusiak AEBetan duen enbaxadore Anatoli Antonovek Telegram bidez adierazi du AEBen "probokazio nabarmena" dela honakoa. AEBek hilabeteak daramatzate halako pisuzko armamentua bidaltzeari uko egiten, baina orain iritzia guztiz aldatu eta Abrans tankeak bidaliko dituztela esan dute.

Erabaki horrek Alemaniako Gobernuarengan eragin handia izan du, La Vanguardiak kontatu duenez, eta nolabaiteko batasun irudiarekin iritsiko dira orain Ukrainara tankeak, gerraren eskalatze bat eta "iragarri ezin diren ondorioak" ekar ditzakeen opari bat.