XIX. mendean soldadu britainiarrek arpilatu zituzten brontzezko irudi baliotsuak eta salgai jarri zituzten Europa osoan. Horietako asko Londresko Britainiar Museoan dituzte oraindik.
Kolonialismoaren garaietan Afrikako lurraldeetan egindako arte ondare arpilatzeak itzuli eta egindako kaltea konpontzeko prozesua hasi du Alemaniako Gobernuak, eta Nigeriako Kultura ministroaren esku utzi ditu Beningo erreinuaren denboran egindako brontzezko 21 pieza baliotsu. Tartean daude oba edo errege baten latoizko burua, zeremonia bateko irudi bat eta pitoi suge batek inguratutako tronu baten beste bat.
Pieza horiek Beningo hiritik atera zituzten soldadu britainiarrek 1897an egindako zigor eraso batean. Mende askotako erreinua zen Benin, merkataritza eta brontzezko kultura aberats baten jabea, eta britainiarrek erabat arpilatu zuten XIX. mende bukaeran, Afrikako kolonizazio eta zapalkuntza garai betean.
Piezak Europako hainbat museori saldu zizkieten ondoren, Berlin, Hanburgo, Stuttgart eta Koloniako museoei, besteak beste. "Dagokion lekura itzultzen da", azaldu du Alemaniako Kanpo Harremanetarako ministro Annalena Baerbockek, boliz egindako maskara ikusgarri bat nigeriar ministroaren eskutan uztean, azaldu du The Guardian egunkariak. Alemaniak halako 1.000 pieza inguru itzuli zizkion uda honetan Nigeriari legalki, eta 21 brontze hauek horren lagin bat baino ez dira.
Alemaniak emandako pausoa akuilu izatea nahi dute agintariek, baina legez itzulitako piezetako askok alemaniar museoetan jarraituko dute, maileguan emanak
Hala ere, arpilatutako ondarea askoz zabalagoa da, eta Britainia Handiari leporatu diote honek oraindik halako pausorik ez eman izana. Britainiar Museoan gordetzen dira Beninen eta Afrikako beste toki askotan XIX. mendean lapurtutako milaka pieza. Hango gobernuak, baina, etengabe zapuztu du ondare hori dagokion tokira itzultzeko eztabaida, nahiz eta beste toki batzuetan pauso txiki batzuk jadanik eman diren.
Frantziako Estatuak, adibidez, duela urtebete itzuli zituen Dahomeyko erresumari (Gineako Golkoa) ostutako 26 artelan, XIX. mende amaieran lapurtuak. Hainbat kalkuluren arabera, ordea, gutxienez baliozko 88.000 pieza daude oraindik Frantziako museoetan, Saharaz azpiko Afrikan jatorria dutenak.
Alemaniak emandako pausoa akuilu izatea nahi dute agintariek, baina legez itzulitako piezetako askok alemaniar museoetan jarraituko dute, maileguan emanak. Orduko arpilatze kulturala, ezinbestean lotuta baitago Afrikako herrialdeek gaur egun oraindik jasaten duten arpilatze ekonomiko eta ekologikoarekin.