argia.eus
INPRIMATU
Alemania, hirugarren sexua legeztatuko duen Europako lehen herrialdea?
  • Paperetan emakumea da, baina pertsona interesexualtzat onar dezatela eskatu zuen Alemaniako epaitegietan. Ezetz esan zion Gorte Federalak eta orain arrazoia eman dio herrialdeko auzitegi gorenak: Gorte Konstituzionalak. Zehazki, hirugarren sexua legeztatu dezala exijitu dio Gorteak Alemaniako parlamentuari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko azaroaren 08a

2018 amaitu arteko epea eman die diputatuei hirugarren sexua jaiotze-erregistroan eta paper administratiboetan erabili ahal izatea bozkatzeko. Baiezkoa aurrera ateraz gero, Europako lehenengo Estatua izango da ofizialki aukera hau onartzen duena.

2013tik, jaioberriaren sexua argi ez dagoen kasuetan gurasoek Alemanian aukera dute jaiotze-erregistroan “emakume” eta “gizon” laukitxoa bete gabe uzteko (eta nahi izanez gero aurrerago zehazteko), eta bide horretan beste pauso bat ematea litzateke honakoa.

Pasa den maiatzean, “sexu neutroa” izendapena onartzea ukatu zuten Frantzian, zakilik eta baginarik gabe jaiotako pertsona baten eskaera atzera bota baitzuten.