argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Alemania ekialdeko hauteskundeetako irabazleak: ezkerreko BSW eta (batez ere) eskuin muturreko AfD
  • Boto gutxi tarteko gailendu zaio Olaf Scholz lehen ministroaren SPD alderdia eskuin muturrari Alemania ekialdeko Brandenburgoko hauteskundeetan. Turingia eta Saxoniako porroten ostean Brandenburgoko emaitzak arnasa eman dio Scholzek zuzentzen duen “semaforoaren” gobernu koalizioari. Alemania ekialdeko eskualdeetan egin diren azken hiru hauteskundeetako irabazle sinbolikoak, baina, eskuin muturreko AfD Alemaniari Alternatiba eta BSW Sahra Wagenknecht Aliantza ezkerreko alderdiak dira.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2024ko irailaren 23a

Historikoki gotorleku izan duten Brandenburgon lehen indarra izatea lortu duten sozialdemokratek igandeko eskualde mailako hauteskundeetan, bozen %31,2 eskuratuta. Garaipen gazi-gozoa da SPDrena, ordea, eskuin muturrarekin ia berdinketa teknikoan eskuratu duelako. AfD alderdi ultraeskuindarra bozken %29,8 eskuratuta herrialdearen ekialdeko alderdi indartsuenetakoa bilakatu da. Iraila hasieran Saxonian ere bigarren indarra izan zela AfD, eta Turingian hauteskundeak irabazi zituela.

Scholz Alemaniako lehen ministroa zein berak zuzentzen duen “semaforoaren” gobernu koalizioa ukituta utzi dute igandeko emaitzek. Gobernu kolazioa osatzen duten liberal eta berdeen ahultasunaren aurrean, eta eskuin muturraren emaitzaz haratago, herrialdeko mapa politikoan indartsu sartu den mugimendu berri baten agerpena ere konfirmatu dute emaitzek. 

Sahra Wagenknecht Aliantzaren agerpena

BSW Sahra Wagenknecht Aliantza Arrazoia eta Justiziaren Alde ezkerreko mugimendu populista sortu berria hirugarren indarra izan da bozken %12,1 eskuratuta, eta iraila hasieran Turingian zein Saxonian gobernua osatzen duten alderdien aurretik geratu zen. Alemania ekialdean egindako hauteskundeetako irabazle sinbolikoetakoa da.

Wagenknech, Alemaniako Errepublika Demokratikoan jaioa, gazte hasi zen ezkerreko mugimenduetan militatzen. Alemaniaren batasunaren ostean herrialdeko ezkerreko zenbait mugimenduk Die Linke ezkerreko alderdia eratu zuten, eta bere ordezkari polemikoenetako bat izan da urtetan.

Europako edota Alemaniako Legebiltzarrean eginiko adierazpenak maiz ez zetozen bat alderdiaren ildo ofizialarekin. 2023an Die Linke utzi eta legebiltzarreko beste kide batzuekin batera sortu zuen bere goitizena daraman mugimendua. Mugimendu berri bat sortzearen beharraz luze idatzi du hainbat saiakeratan. Bere lan ezagunenen artean dira Ezker neoliberalaren aurka edota Harroputzak, zentzu eta kohesio sozialerako nire kontraprograma. Posmodernitateari kritika egiteaz gain, Alemanian migrazio edo ekologia arloan egin diren politikak ezbaian jarri ditu.

Ekonomian aditua den Romaric Godin kazetari frantziarraren esanetan, BSWk agerian utzi du bere aurpegi kontserbadorea zenbait gaitan. Alderdiari eginiko erradiografian aipatu du  Wagenkenech-ek azken hauteskundeetan erabilitako zenbait diskurtso edo aldarriren arriskua, tartean atzerriko kriminalitatearen hazkundea amaitzeko herritarren itzulpenak martxan jartzeko borondatea.

Kontrara, Pablo Iglesias politikari ohiak zuzentzen duen “La Base” saioan mugimenduak izan duen arrakastaz hausnartu dute berriki. Irene Zugasti kazetariaren arabera, mugimenduak migratzaileekiko izan dezakeen posizio arriskutsuaren gainetik, jakin izan du agenda politikoan ez zeuden zenbait gai plazara ekartzen: herrialdearen ekialdean nabarmen txikiagoak diren pentsioak indartzearen beharra aldarrikatu du hauteskundeetan, edota lehen sektoreko zenbait aldarrikapenen bozgorailu izatea lortu du. Alemanian hain zaila den Palestinaren aldeko posizioa erakutsi izanak ere eragina izan dezake eskuratutako emaitzetan. Aldiz, Ane Irazabal kazetariak sareetan zabaldu zuen Saxoniako Die Linke alderdiko kide batzuek Israelgo armadaren kamisetak jantzita egin zutela kanpaina”.

AfDren garaipena

Igandean Brandenburgon eta aurrez Saxonian ozta-ozta ez da AfD lehen indarra izan. Irailaren 1ean ordea Turingian garaile izan zen, Bjorn Hocke zerrendaburu zutela. Hocke ezaguna da bere adierazpen polemikoengatik, 2019an birritan zigortu zuten bere agerraldietan SA unitate paramilitar nazien “Alles für Deutschland” (Alemaniarengatik dena) aldarria erabiltzeagatik. 

Hockerena ez da izan AfD alderdiak izan duen polemika bakarra. Ekaineko hauteskunde europarren atarian, Europako Legebiltzarreko eskuin muturreko aliantza indartsuena zen Identitatea eta Demokraziako alderdi kide batzuk (Frantziako Batasun Nazionala edo Italiako Lega) AfD aliantzatik kanporatzea erabaki zuten. Maximilian Krah alderdiko buruetako batek La repubblica agerkari italiarrean egindako adierazpenak izan ziren arrazoia. Karhen aburuz Bigarren Mundu Gerrako krimen garrantzitsuetan inplikatutako SS unitate nazietako kide guztiak ezin dira “zaku berean” sartu.  

Turingian eskuin muturrak goberna ez dezan kordoi sanitarioa ezarriko dutela adierazi dute alderdi gehienek. Baina polemika artean, immigrazioaren eta laguntza sozialen aurkako diskurtso xenofobo indartsuarekin, aurrerapauso handiak ematen ari da AfD. Hainbat eskualdetan indartuta atera ostean AfDk begiz jota ditu hurrengo urtean ospatuko diren hauteskunde orokorrak. Helburu berri horretan tresna bikaina bilakatu da TikTok sare soziala ultrentzat, Deutsche Welle agerkari alemaniarrak argitaratu duenez.

Ukrainako gerra,  Alemaniako ekialdea eta mendebaldearen arteko arrakala agerian

Alemania ekialdeko ziklo elektoralak agerian utzi du beste behin ekialdearen eta mendebaldearen artean dagoen arrakala. AfD zein BSW alderdiek gogor salatu dute Alemaniako Gobernuak Ukrainako gerran duen posizioa. Bata zein bestea Errusiari santzioak ezartzearen zein Ukrainara armak bidaltzearen aurka azaldu dira. Biek izandako emaitza ikusgarrien ostean pentsatu daiteke harresiaren ekialdean jaio ziren alemaniar askok ez dituztela babesten Scholzen kabineteak gatazkaren aurrean harturiko zenbait erabaki politiko.

Hauteskunde orokorretarako urtebete geratzen den honetan eta Alemania ekialdeko emaitzak eskuan, efektu kolpe bat ematera behartuta dago mendebaldean jaiotako Olaf Scholz kantziler sozialdemokrata. Bestela zail izango du boterea mantentzea ahalbideratuko liokeen gehiengo parlamentarioa eskuratzea.