argia.eus
INPRIMATU
Alemania, Austria, Danimarka eta Txekiar Errepublika konfinamendutik irteten hasi dira
  • Europa iparraldeko herrialdeetan koronabirusak ez du hegoaldekoetan besteko eraginik izan, eta hori horrela, zenbait herrialdek konfinamenduko neurriak, pixkanaka bada ere, atzean uzteko erabakia hartu du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 08a
Alemaniako supermerkatu bateko ilarako argazkia.

Apirilaren 19an amaituko da konfinamendua Alemanian. Dena den, hori horrela izan dadin neurri batzuk jarri ditu gobernuak, hala nola, maskarak erabiltzea, leku publiko zein pribatuetan batu daitekeen jende kopurua murriztea eta kutsatuen jarraipena egitea. Martxoaren 22tik dago konfinatuta herrialdea, jatetxe eta denda gehienak itxita.

Normalitatera buelta horretan Alemaniako Gobernuak bere eskura izango ditu kutsatuekin harremanetan egon diren pertsonak kontrolatzeko teknologiak. Diagnostiko positibotik 24 ordura pertsona horrekin harremanetan egondako lagunen %80a kalkulatu ahalko dutela kaleratu du ElDiario.es-ek. Zenbait probintziatako hezkuntza-zentro eta dendek ateak zabaldu ahalko dituzte, baina pertsonen arteko distantziaren legeek bere horretan jarraituko dute.

Austria

Datorren astetik aurrera neurriak erlaxatzen joango da Austria, funtsezkoak ez diren dendek higiene neurri zorrotzekin zabaldu ahal izango dute. Apirilaren 14tik aurrera 400 metro karratu azpiko dendek zabaldu ahal izango dute, bezero kopurua mugatuz eta maskarak erabiltzeko aginduarekin. Oraindik ez da ezer argia, baina baliteke apiril amaierarako hezkuntza-zentroak zabaltzen uztea, baita maiatz erdialderako hotel eta jatetxeak ere.

Martxoaren 16tik dago konfinatuta herrialdea, eta funtsezko zerbitzuak bakarrik daude martxan. Hala ere, herritarrak paseatzera edo kirola egitera irten daitezke, betiere bakarrik edo konfinatuta dauden jendearekin bada.

Txekiar Errepublika

Martxoaren 9tik aurrera denbora-pasak eta eraikuntzako materiala saltzen duten dendak zabalduko dira, eta kalean kirola egitea ahalbidetuko du gobernuak, distantzia mantenduz. Pazko asteburuaren ondoren denda gehiago zabaldu ahal izango dira, bezeroen arteko higiene neurri zorrotzak jarrita.

Herrialdetik irten ahal izango dute txekiarrek, arrazoiak aurkeztuz gero; eta herrialdera bueltatutakoan bi asteko isolamendua mantendu beharko dute. Horrez gain, herritarrei testak egiteko asmoa azaldu du gobernuak, herritarren zenbateko proportzioa mantentzen duen jakiteko.

Danimarka

Haurtzaindegiak eta bosgarren mailara arteko hezkuntza-zentroak zabalduko ditu apirilaren 15etik aurrera, kutsatu eta hildakoen zifrak mantentzen badira. Sektore pribatuko langileak lanera bueltatu ahal izatea ere aurreikusten du, osasunaren ikuspegitik gomendagarria bada.

Hamar pertsonatik gora biltzea debekatuta dago maiatzaren 10era arte, eta muga eta komertzioak ere itxita daude. Baina data horretan zifrak mantentzen badira, kafetegiak eta jatetxeak zabaltzeko asmoa azaldu du lehen ministroak. Kontzertuak edo festibalak bezalako ekitaldi handiak abuztura arte debekatuta egongo dira.

Maskara eta test gehiago lortzeko lanetan ari da gobernua, konfinamendua amaitzeko ezinbestekotzat baititu segurtasun neurri horiek.