argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA - STEPHAN GRÜNEWALD
Alemanak hauteskunde bezperan: “Oraingoan adinako gorrotorik ez dut sekula ikusi”
  • Stephan Grünewaldek bere karrera pasatu du alemaniarrak aztertzen. Ikerlan berri batean arakatu du gaurko jarrera politikoetan eta dio emozio gordinak direla nagusi datozen hauteskundeen aurrean.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 21a
Stephan Grünewald: "Elkarrizketa sakonetan, denek errefuxiatu krisiaz nahi zuten hitz egin, errefuxiatu krisiaz eta errefuxiatu krisiaz". (Argazkia: VDI)"

Nils Minkmarrek elkarrizketatu du Der Spiegel astekarirako. Hona elkarrizketaren ingelesezko bertsioaren atal mamitsuenak:

Galdera: Grünewald jauna, hauteskundeen atarian Rheingold Institutuak berriro ere Alemaniaren egoera politikoaren analisi zehatza egin du. Nola izan da prozesua?

Erantzuna: 50 boto emaile bildu ditugu. Hogeitaseiri elkarrizketa psikologiko sakonak egin dizkiegu, gainerakoek parte hartu dute hiru eztabaida taldetan. Zazpi psikologok lan egin dute ikerketan, horietatik bi Eki Alemanian zentratuta. Ez da egoeraren isla osoa, baina zenbait ezaugarri aurkitzen dira bertan.

G: Zer aurkitu duzue?

E: Oinarri-oinarrian, boto emaileak desengainatuta daude hauteskundeotan. Irudipena daukate berentzako benetan garrantzitsuak diren gauzak ez direla eztabaidatu eta gauza asko axaletik ukitu direla. Guk jakin nahi genuen zergatik.

G: Eta zer aurkitu duzue?

E: Elkarrizketa sakonetan, denek errefuxiatu krisiaz nahi zuten hitz egin, errefuxiatu krisiaz eta errefuxiatu krisiaz. Nahiz eta kanpainatik kanpo utzi duten gaia halako dotoreziaz, hori da oraindik politikoek tratatu ez duten zauria.

G: Non dago arazoa zehazki?

E:  Duela bi urteko [errefuxiatuen] krisiak boto emaileei aurrean jarri die dilema bat zeinari oraindik ez dioten aurkitu erantzunik. Atera ireki behar dut ala itxi? Alde batetik, ongi etorrizko kulturaren parte izan nahi dute, baina aldi berean beldur dira kanpotarrek gaina hartuko ote dieten azkenerako beren herrialdea ezin ezagutu ahal izateraino. Ondorioz, nahi dute politikariek plan bat gara dezatela, adostasun batera irits daitezela. Baina ez dute egin eta orain boto emaileak abandonaturik sentitzen dira.

G: Zein da horren ondorioa?

E: Boto emaileak desorientatuta daude, zalantzaz beteta. Diote Alemania gaixorik dagoela, edo gainbehera doan herrialdea dela, edo arriskuz betetako itsaso batean aberastasunez betetako uharte seguru bat dela.  Dena da oso hauskorra eta bideratzen da leherketa emozionaletara. Ez dut orain artean inoiz ikusi hainbeste haserre eta gorroto ikertutako pertsonen artean.