Greziarrek asko zor dietela alemaniarrei azken kiebraren ostean? Egia alderantziz dela sinetsita, Ludwig Zacaro eta Nina Lahge senar-emazte alemaniarrek 875 euro ordaindu dizkiote Nafplio herriko udalari: II. Mundu Gerraz geroztik Alemaniak kalte-ordainetan Greziari zor dion dirutzaren beren zatia.
Albistea France-Pressek zabaldu duen arren, ez du zalaparta handirik sortu Europan. Bai ordea greziarren artean. Peloponeso ertzean dagoen Nafplioko alkate Dimitris Kotsurosek esan du: “Atzo goizean [martxoaren 18an] azaldu ziren udaletxean, esanez nazkatuak zeudela beren gobernuaren jokabideaz. Kontuak atereak zeuzkaten eta esan ziguten alemaniar bakoitzak Greziari 875 euro zor diotela II. Mundu Gerraz geroztik”.
Bikoteak beren keinua egiteko Nafplio hautatu zuten, herri hori izan zelako Grezia independentearen lehenbiziko hiriburua, XIX.ean. Alkateak adierazi du herrian ongintzan ari diren proiektuen artean banatuko duela txekea.
Ludwig Zacaro erretretan da eta Nina Lahgek astean 30 orduko lanean segitzen du. Udal agintariei adierazi zieten bien zorra pagatzeko aski diru ez daukatenez batena bederen ordaintzera zetozela, 875 euro.
Kasik 70 urte pasatu dira II. Mundu Gerra amaitu zenetik, naziek Greziari eragindako kalte guztiekin. Baina gainera, 1941an naziak sartu zirelarik, herrialdea behartu zuten Reichari mailegu handi bat egitera, Greziako ekonomia larrutuko zuen kreditu bat.
Gerra amaiturik, kalte-ordainak ezarri zitzaizkion Alemaniari baina Greziari pagatu beharrekoak "ahaztuta" geratu ziren. Orain, antza, Alemaniako sozialdemokratek eta berdeek aldarrikatzen duten arren greziarrei zor zaiena ordaintzea, Angela Merkelen gobernuak garbi adierazi du: “hori gertatzeko aukera Zero da”. Zenbait adituren arabera, gaur Greziak daukan kanpo zorraren erdia adinako diru kopurua zor dio Alemaniak berari.
Ludwig Zacaro eta Nina Lahgeren ekintza une nabarmenean iritsi da. Europar Batasuneko agintarien eta Atenasekoen arteko harremana gaiztotzen ari da eta hedabide nagusiek zabaldu dute Aste Santu inguruan kanporatu dezakeela Europak Grezia txanpon bateratutik. Grexit hipotesiaren atarian geundeke, iturri horien arabera.