Orain dela egun batzuk 2020. urteari, urte latzari, historiako liburuetan jasota agertuko den urteari, adio esateko eguna heldu zitzaigun. Abenduaren 31n, gauerdi inguruan topa egiteko orduan, ez ziren gutxi izango urte berriak entzungo zituen erreguak, eskaerak, mesedeak eta abarrekoak. Herrialde askotan, sagardo, txanpain eta turroi artean, gehien errepikatutako hitza Osasuna! izan zitekeen. Beste hainbatetan, ordea, luxuzko produkturik gabe, Askatasuna! aldarria entzungo zuten.
"Duela urte bete pandemia ezezagun baten ondorioz konfinamendu baten atarian geunden, eta orain birusari aurre egingo dion txertaketa masiboaren aurrean; Tempus Fugit"
Edonola ere, denboren orratzak arin doaz, inoiz baino bizkorrago, agian. Duela urte bete pandemia ezezagun baten ondorioz konfinamendu baten atarian geunden, eta orain birusari aurre egingo dion txertaketa masiboaren aurrean; Tempus Fugit. Badirudi munduko herrialderik boteretsuenak gorritu egin direla oraingoan, COVID-19ak beren hilkortasun tasa hirugarren munduko herrialdeetako hilkortasun grafikoen ertzaren ertzera hurbildu duenean, “pilak jarri dituzte”.
Auskalo nora garamatzan guzti honek. Ez naiz ni txertoa, txertatzaile, txertaketa, txertatzea, edota tx txistukariarekin hasten diren hitz guztiak kolokan jartzen hasiko; izan ere, afera honen inguruan, Sokratesek esan bezala, “dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer”. Baliteke osasuna eta gure bizimodua hankaz gora jarriko duten paradigma berriak ezartzen hasi izana. Nork? Nork jakin.
Horrenbestez, ziurtasun osoz dakidan gauza bakarra zera da: Erdi Aroan hain beldurgarri zein arrakastatsu bihurtu zen Heriotzaren alegoriak –beltzez jantzitako eskeletoa sega batez eskuan– gaur egun musukoa darama, eta segari oratu beharrean, xiringa bat darabil esku artean.