argia.eus
INPRIMATU
Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan
  • Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko asmoz". Multinazionalak beste bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimenak aurkeztu ditu Arabako beste eskualde batzuetan.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 08a
Makroproiektu energetikoen aurkako helegiteak aurkeztu dituzte.

Urkabustaiz Babestuz, Zuia Bidean eta Zigoitia Bai herri plataformek Arabako Gorbeialdea “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko asmoz” lan egiten ari dira. Hori dela eta, astelehenean, uztailaren 8an, alegazioak aurkeztu dituzte Arabako Foru Aldundian Solaria multinazionalaren proiektuaren aurka. “Milaka alegazio herrikoi jaso ditugu, argi eta garbi uzten dutenak gure herrietako nekazaritza-lurretan eguzki makro proiektu eta goi-tentsioko sareei aurrez aurreko aurkakotasuna”, azaldu dute Raul Ruiz de Azua zigoitiarrak eta Mati Iturralde zuiarrak, bozeramaile gisa.

Herri elkarteek adierazi dute hainbat arlotan adituak diren pertsonek “txostenak eta peritajeak” egin dituztela, proiektuek haien herrien “aberastasun naturala modu atzeraezinean suntsituko luketela agerian uzten" dutenak. Ekainaren 21ean proiektuaren aurka egindako lehenbiziko agerraldian, Gorbeialdea “altxor naturala” dela aldarrikatu zuten Arabako Gorbeialdeako eragile, bizilagun eta ordezkari politikoek. Erakundeei “Araba osoko bizitza, natura eta bizimodua babestu behar dutela” adierazi zieten, “enpresa handien interes ekonomikoen eta haien xantaia saiakera lotsagabeen gainetik”.

Proiektuak Araba osoan

Solaria enpresak parke fotovoltaiko gehiago eraikitzeko proiektuak aurkeztu ditu Araban. Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuek hiru parke fotovoltaiko eta goi tentsioko linea bat eraikitzea aurreikusten dute. Parke fotovoltaiko bakoitza 100 hektareatik gorakoa litzateke, eta goi tentsio lineak Araba gurutzatuko luke hegoaldetik iparraldera, herrialde horretan sortutako elektrizitatea Bizkaiko Zierbenara eramateko. Gorbeialdeko bizilagunek “trantsizio energetiko justua” nahi dutela azpimarratu dute, “benetan krisi klimatikoa geldiarazteko balioko duena” eta haien onurarako “beste herrialde batzuk ustiatu gabe”.

Iragan astean Gasteizko kontzejuek aurkeztu zituzten helegiteak proiektu horien aurka, eta Lurra Sareak salatu du Solaria iruzur egiten ari dela administrazioan baimena lortu nahian, besteak beste proiektua zatikatuta aurkeztua eta ez makroproiektu bakar gisa. Nekazari eta lur-jabe txikiek enpresaren "presioak" edo "xantaia" salatu dute, lurrak saldu edo alokatzea lortzeko helburuarekin.