argia.eus
INPRIMATU
Aldundiak Partzuergoan proposatuko du errauste planta betirako baztertzea
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak iniziatiba hartu du Zubietako errauste plantaren korapiloa askatzeko: Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak Batzar Nagusietan adierazi du GHK partzuergoan proposatuko duela errauskailua betirako baztertzea. Gai honetan de facto azken hilabeteotan dagoen moratoria betiko ezin dela luzatu argitu du eta erabaki definitiboa hartzerakoan Partzuergoan erakunde horren kudeaketan %33ren jabe den Aldundiak, eta diputatuak berak pertsonalki ere bai, ezezko garbia emango diotela errauskailu proiektuari.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 15

Berriak eta Diario Vascok [honek orain arte paperekoa ez dauka Interneten] plazaratutako informazioen arabera, Errazkinek adierazi du epe laburrean emango dutela errauskailua baino askoz merkeagoak diren bestelako azpiegitura alternatiboak eraikitzen hasteko agindua. Asteotan hainbestetan aipatu diren kalteordainen kopuruak, errauskailua eraikitzeko enkargua hartu zuten enpresei legozkiekenena, esandakoak ez direla ere iradoki du diputatuak, eraikitzaileek osatutako taldearekin negoziatzen segitzen dutela argituz.

Diputazioak, Errazkinen ahotik, garbi utzi du Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko azpiegiturak eraiki eta kudeatzeko eskumena Partzuergoari dagokiola eta berak erabakiko duela, nabarmenduz Bilduk gidatzen duen gobernu taldea prest dagoela oposizioko alderdiek bere kontra dagiten erasoari eusteko.

Erantzunetan, oposizioan dauden EAJ, PP, PSEk diputatuari gogorarazi dizkiote errauskailua ez egiteagatiko kalteordainengatik pagatu beharrekoak; zehazki, EAJko Xabier Ezeizabarrenak esan dio Bilduk Gipuzkoa hondamendira daramala.

Bilkuraren biharamunean, Markel Olanok Radio Euskadik egindako elkarrizketan Bilduri ohartarazi dio mundu guztiaren kontra ari dela, hasi Inbertsioetarako Europako Bankutik eta atez ateko bilketa inposatzen zaien herritarretaraino, herrialdera kaosa ekarriz. Bilduk errauste planta gelditzeko urratsak eman ahala EAJk erantzunak gogortuko dituela iragarri du, eta erantzun hauek izan daitezkeela politikoak bezala epaitegietarakoak, aurreko aginte foralek hartutako erabakiak ez betetzea delitua izan daitekeelako.

Artikulu hau Zero Zabor blogetik ekarria da. Bertan hondakinen kudeaketari buruzko informazio gehiago topatuko duzu.

Informazio gehiago:

Berria “Errauste planta betirako baztertzea proposatuko dio aldundiak partzuergoari

Radio Euskadi “Markel Olano, entrevista en Radio Euskadi