Gutxien espero zen unean eta moduan eman zaio konponbidea Bizkaibuseko gatazkari. Arratsaldeko seietan, handik ordubetera bilera egiteko deialdia jaso dute sindikatuek Bizkaiko Foru Aldunditik (BFA); oraingoan, greba bertan behera uzteko baldintzarik gabe. Iluntzeko bederatziak eta laurdenean, aurre-akordioa sinatuta zuten bi aldeek.
Adostasuna lortu izanagatik pozik agertu dira bai sindikatuak bai Aldundia. Greba bertan behera utzi dute lehenbizikoek, azaroaren 4ra arte behintzat.
Orain, Aldundiarekin negoziatzen jardun duten bost sindikatuek (CCOO, ELA, LAB, LASB-USO eta UGT) euren afiliatuen batzarretara eraman beharko dute aurre-akordioaren testua, haiek oniritzia eman dezaten. Hala balitz, azaroaren 4an sinatuko da behin betiko akordioa. Ordezkari sindikal batek adierazi digunez, ez dago arrazoirik hala gertatuko ez dela pentsatzeko. Hortaz, astelehenean hasitako greba mugagabea amaitutzat jo daiteke.
Funtsean, aurre-akordioak dio BFAk konpromisoa hartzen duela 2013ko urriaren 4an Bizkaibusen zeuden lanpostu guztiak mantentzeko, eta hori ziurtatze aldera beharrezkoak diren lineak eta zerbitzuak ezartzeko. Bi aldeek abenduaren 22ra arte elkartzen jarraituko dute zerbitzuaren hobekuntzari buruz eztabaidatzeko, eta Bizkaibuseko linea berrien inplementazioa 2015eko apirilaren 15ean jarriko da martxan.
Gatazkaren gakoak
Lanuzteak hasi zituztenean, sindikatuek adierazi zuten BFAk 300 lanpostu inguru desagerraraziko zituela. Aldundiak hori ukatu du behin eta berriz, eta argudiatu du ez duela Bizkaibuseko langile bakar bat kaleratu, ezta kaleratuko ere. Sindikatuek onartu dute hori egia dela, baina etengabe salatu dute BFAk beste mekanismo batzuen bitartez ezabatu nahi zituela –ezabatzen hasia zela, izan ere– lanpostu horiek.
BFAk aurtengo abenduaren 31ra arteko epea dauka Bizkaibuseko zerbitzuaren kontzesioa berritzeko, datozen hamar urteetarako. Iaz, enpresentzako deialdia egin zutenean, zerbitzuaren birmoldaketak aurkeztu zituzten; linea batzuk desagertuko ziren, beste batzuetan maiztasuna gutxitu eta zenbaitetan handitu.
Horren guztiaren azken emaitza zerbitzuaren murrizketa zen, eta ondorioz ez zen lan nahikorik egongo une hartan Bizkaibusek zituen behargin guztientzat. Sindikatuen kalkuluen arabera, 300 inguru egongo ziratekeen sobera (1.400 inguru dira guztira).
Hala ere, hitzarmen batek langile guztiak beren lantokietan mantentzera behartzen du Aldundia. Horietako asko, praktikan, ez zuten zereginik izango, baina BFAk hamabi milioi euroko diru-partida onartu zuen iaz, 2014 eta 2017 bitartean enpresei ematekoak. Sos horiekin ezer egin gabe egotekoak ziren langileen postuak mantendu zitezkeen.
Sindikatuek salatu izan dutenez, BFAren asmoa zen erretiro edo bajengatik lan egiteari uzten ziotenen postuetarako inor ez kontratatzea –amortizatzea, alegia– eta hala, apurka-apurka, langile kopuru osoa murriztuz joatea, Bizkaibusen eskaintza meharragoari egokitzeko.
Sindikatuek ez zuten nahi, ordea, lanik egin gabe daudenei ordaintzeko diru publikorik erabiltzea, ez eta zerbitzua ahultzea. Iazko urriaren 4an, hainbat mobilizazioren ostean, akordioa sinatu zuten Aldundiarekin –LABek izan ezik–, une hartan zegoen lanpostu kopurua mantentze aldera.
Akordio hori nork bere erara interpretatu du, alabaina. BFAk, kaleratzerik izan ez denez gero, lanpostu galera izan denik ukatu du. Sindikatuek, aldiz, Aldundiari leporatu diote amortizazioak egiten hasi izana, eta azken helburutzat edukitzea langile kopurua gutxitzea eta, dirua aurreztearren, zerbitzu kaskarragoa eskaintzea.
Azkenik, denak pozik. Langileen ordezkarien esanetan, izenpetzekoa den akordio berriarekin bermatuta dago iazko urriaren 4an zeuden lanpostu guztiek irautea. Eta Itziar Garamendi Garraio diputatuak zentsura mozioa saihestu du.
Gipuzkoan egin dute gehien gora manifestazioek, 2017an baino %27,6. Bizkaian %9 egin dute gora, eta Araban berriz, %5,3 behera.
Bizkaibuseko Ezkerraldea Meatzaldea Bus, Pesalur eta Gam Txorierri enpresetako eta Bilbobuseko 2.000 langile daude grebara deituta. 250.000 erabiltzaile ingururi eragiten ari zaie greba deialdiak.
EH Bilduk asteazkenean iragarri du Itziar Garamendi, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Diputatuaren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela azaroaren 3an, baldin eta aurretik Aldundiaren eta Bizkaibuseko langileen arteko gatazkari konponbidea emateko gai ez bada.
Astearte arratsaldean ziren biltzekoak Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaibuseko sindikatuak, baina ez da bilerarik izan Aldundiak hizketan hasi aurretik "neurri batean" greba bertan behera uzteko eskatzen duelako.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta LSB sindikatuek greba mugagabera deitu dituzte Bizkaibuseko langileak, ez baitute akordiorik lortu Bizkaiko Foru Aldundiarekin.