argia.eus
INPRIMATU
Aldundiak Bilbao Basketi emandako bost milioi euro itzultzeko eskatuko du Espainiako Kontu Auzitegiak
  • Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak prozedura ireki du Bilbao Basket kirol elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiari itzul diezaion 2013an jasotako 5,3 milioi euroko laguntza, eldiario.es-ek zabaldu duenez. Diru horrek salbatu zuen kluba desagertzeaz.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 08a
Bilbao Basket desagertzeko zorian egon zen 2013an, eta Aldundiak emandako laguntzari esker salbatu zen (Arg.: Bilbao Basket)

5,3 milioi horietatik, Bilbao Basketek 1,9 jaso zituen zuzenki; beste 3,4 milioiak Foru Ogasunarekiko zorra barkatzetik etorri zitzaizkion. Aldundiak Bizkaiari egindako publizitatearen aitzakiarekin justifikatu zuen diru-laguntza hura. Izan ere, taldearen kamisetetan Aldundiaren logoko haritz hostoa ageri da 2009tik.

Laguntza ematea onartu zen unean Jose Luis Bilbao zen Bizkaiko diputatu nagusia. Bitxia bada ere, bera da orain EAEko Kontu Publikoen Auzitegiko burua. Kontuan izan behar da auzitegi horren bultzadagatik ekin diola Espainiako Kontu Auzitegiak justifikatu gabeko diru-laguntzengatik  prozedura irekitzeari. Hala ere, auziari abiapuntua eman zion auditoria 2015ean egin zuen EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak, Jose Luis Bilbao iritsi aurretik beraz.

Eldiario.es-en esanetan, mota horretako prozeduren helburua da gastu desegokien arduradun politikoek beren patriketatik itzul dezatela modu desegokian gastatutako diru publikoa.

Kirol profesionala eta laguntza publikoak

Beste klub batzuen inguruko datuekin batera, Bilbao Basketek azken urteotan euskal administrazioekin mantendu duen harremana izan du hizpide hilabete honetako LARRUNen ARGIAko kazetari Jon Tornerrek.

Osorik irakurtzeko: Kirol profesionala eta laguntza publikoak; Euskal erakundeak, bidelagun baino gehiago.