Astearte arratsaldean ziren biltzekoak Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaibuseko sindikatuak, baina ez da bilerarik izan Aldundiak hizketan hasi aurretik "neurri batean" greba bertan behera uzteko eskatzen duelako.
Bizkaibuseko langileak hitzordura azaldu dira astearte arratsaldean baina Aldundiko ordezkariak ez ziren haiekin bildu. Jose Luis Bilbao buru duen erakundeak asteazkenerako beste hitzordu bat jarri du, beti ere, eskatutako baldintzak betetzen badira.
Sindikatuen erantzuna
Sindikatuek EFE agentziari egindako adierazpenetan esan dute Aldundiaren “borondate falta” islatzen duela egoerak. Eta gaineratu dute hobe dela arazoa gaur konpontzea bihar baino.
Langileek ez dute ulertzen Aldundiak lanuztea “neurri batean” bertan behera uzteko eskatzea asteartean edo asteazkenean biltzeko, eta baldintzarik ez jartzea aurreikusita dagoen ostiraleko hitzordurako.
ELA, UGT, CCOO, LAB eta LSB/USO sindikatuek urrian egindako lanuzteen ondoren, Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hasi dute, Aldundiak lanpostuak berma ditzan eskatzeko.