argia.eus
INPRIMATU
‘Aldiri’ arkitektura aldizkaria argitaratzeari utziko diote, hamaika urteren ostean
  • Arkitektura eta  bere inguruko eztabaidak eta gogoetak modu zabalean planteatzen dituen Aldiri aldizkaria argitaratzeari utziko diote aurten, hamaika urteren ostean. Unai Fernandez de Betoñok eta Ibai Gandiagak sortua, 44. alean agurra idatzi dute.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 03a
'Aldiri' aldizkariaren 42. zenbakia. Aldizkariaren azalak eta ilustrazioak izan dira bere nortasun zeinuetako bat.

Arkitektura "gizartea eraldatzen" duen diziplina dela jabetuta eta euskaraz sortu nahi zutelako ekin zioten 2009ko uztailean Aldiri. Arkitektura eta Abar aldizkaria argitaratzeari, Ibai Gaindiaga eta Unai Fernandez de Betoño arkitektoek. Hastapen haietan ziotenez "guk irakurri nahiko genuken aldizkaria idatziz orain arte zegoen hutsunea" bete nahi zuten.

Hamaika urte eta 44 zenbakiren ostean, agur esango diote. Irakurleari zuzendutako gutunean azaldu dutenez saiatu dira sarean zein paperean kalitatezko edukiak eskaintzen eta askotariko gaiak plazaratzen. Gainera, artikulu horiek "iruzkinduak" izan dira eta blogaren bidez ere kritika landu izan dute. Horretan, bidelagun izan dute UEU, "bere babesik gabe Aldiri ez zatekeen argitaratuko".

Fernandez de Betoñok eta Ibai Gandiagak zuzendua eta Erredaktore Kontseiluan Agurtzane Elguren eta Ula Iruretagoiena zeudela, hama urteotan bilakaera izan du aldizkariak, webguneko Paperekoak atalean ikus daitekeen moduan. Baina azaldu dutenez, gizarteak berak ere bilakaera izan du: "Paperean argitaratzen diren hedabideak murriztuz joan dira, sareko agerkariak gailendu diren heinean ".

Hala ere, oraindik azken bi ale argitaratuko dituzte 2021ean, ohiko lauak ordez –hiruhilekoa zen–. 45. aleak aldizkariaren ibilbidea gertutik jarraitu duten autoreen ekarpenak jasoko ditu, eta azken aleak urteotan aldizkaria "nortasunez jantzi duten" azalei aitorpena egingo die: "Urte berezia izango da, beraz".