argia.eus
INPRIMATU
Alderdiak deitu dituzte ekainaren 7an Barrongo urtegiari buruz hitz egiteko
  • Arabako Kongresurako zerrendaburu guztiak bildu nahi ditu Barrongo urtegiaren kontrako plataformak mahai-inguru batean urtegiari buruz hitz egiteko. 

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko maiatzaren 24a

Alderdi politikoekin eta Arabako Foru Aldundiarekin bildu dira plataformako kideak azken asteotan, eta balantzea egin dute. Barrongo urtegiaren egitasmoaren inguruan "benetako azterketa sozioekonomikoa" falta dela berretsi dute, eta inork ere ez dakiela zenbat nekazariei mesede egingo dien urtegiak. 

90ko hamarkadan egin zen urtegiaren beharraren inguruan dagoen azterketa bakarra, eta ordutik Añana eskualdearen errealitatea erabat aldatu dela azaldu du plataformako kide Andres Illanak: "180 milioi euro xahutuko dituzte urtegia egiteko; ez dugu ulertzen eskualdean gaur egun dauden ureztatzeko beharrak jakin gabe aurrera egitea".

Hortaz, egitasmoa gelditzeko beharra nabarmendu du Illanak, eta aldi berean informazio prozesu partehartzailea zabaltzeko. Kezka horiek eta egitasmoa gelditzeko aldarrikapena trasladatu dizkiete Arabako talde politiko guztiei. "EAJ da urtegiaren alde argi eta garbi agertu den talde bakarra. EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik plataformaren kezkarekin bat egin dute, eta zalantza dugu PSErekin eta PPrekin". esan du Illanak. 

Hortaz, ekainaren 7an, hain zuzen Kongresuko hauteskunde kanpaina hasi baino hiru egun lehenago, mahai-ingurua antolatu dute, urtegiari buruz hitz egiteko. Eztabaidara gonbidatu dituzte Kongresurako Arabako zerrendaburu guztiak. "Talde bakoitzak egitasmo erraldoiaren inguruan duen jarrera agertzea nahi dugu".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra