argia.eus
INPRIMATU
PSren egoitza okupatzen jarraitzen dute Seaskako kideek
  • Seaskako 30 guraso eta irakaslek Baionako Alderdi Sozialistaren (PS) egoitzan igaro dute gaua, bigarrenez. Ostegun arratsaldean okupatu zuten eraikina, ikastolen finantzazioaren aferari irtenbidea bilatzeko. Adierazi dutenez, ez dira irtengo Holland presidentearekin edo Peillon hezkuntza ministroarekin hitzordu bat lortu arte. 12:30tan elkarretaratzea egingo dute egoitzaren parean.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 04a
Seaskako kideak Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu eta "Lege bat ikastolentzako" leloa idatzia duen pankarta ezartzen. (Argazkia: Gaizka Iroz)

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren ustetan, PSk bi aukera ditu: “Konponbide bat lortu edo egoera gehiago okertu salaketa jarri eta polizia bidalita. Lehen bidea lortuko dugula espero dugu”. Eraikina uzten ez badute salaketa jarriko dutela adierazi du Patrice Laurent PSko kideak.

Sylviane Alaux diputatu sozialistak adierazi duenez, Hezkuntza Ministerioarekin harremanetan jartzen saiatzen ari da. Collete Capdeville sozialista baionarra ere Peillon ministroarekin hitzordu bat lortu nahian dabil, oraingoz arrakastarik gabe.

Alaux diputatuaren hitzetan, bidea "sobera maite" ez badu ere, ulergarria da Seaskakoek egin dutena. "Murgiltze sistema laikoarekin arazo bat izatea deitoratzen dugu, eskeintza hori ez baitugu publikoan ematen. Konponbide bat atzeman behar da Falloux legea murgiltze sistemei egokitua izan dadin".

Iparraldeko Hitzak bildutako adierazpenetan Gorostiagak esan duenez: “Hilabeteak daramatzagu konponbide baten bila prefetarekin eta suprefetarekin biltzen, eta beti konponbideren bat atzemanen dutela erraten digute, sekula atzeman gabe”.

Ikastolak kolokan

Ekainean Hendaiako ikastolaren eraikina herriko etxeak ordaintzea legez kanpokotzat jo zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak Falloux legea oinarri hartuta. Haren hitzetan egoitza pribatuak ezin dira diru publikoarekin finantzatu.

Ostegunean, Ahoan Bilorik Gabe emankizunean gaiaren inguruko galderak erantzun zituen suprefetak: "Ez dago konponbiderik. Bederen ez dago biderik erakunde publikoek eraikin publiko bat ordaintzea aipatzen bada. Ez Hendaian ez bertze ikastolen kasuan". Dallennesen arabera, Falloux legea alda liteke, baina hori "Parlamentuaren lana da".

Seaskako lehendakari Paxkal Indoren ustetan, suprefetak “irizpide zorrotz” hori bera baliatuko balu Seaskak etorkizun hurbilerako dituen ekimen gehienak bertan behera geratuko lirateke, murgiltze ereduaren jarraipena “arriskuan jarriz”.

Ekainaren 22an 3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Baionan, suprefetaren erabakia gaitzetsi eta ikastolak babestuko dituen lege bat eskatzeko.