argia.eus
INPRIMATU
Alderdi Sozialista da Frantziako Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berriaren azken kidea
  • Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak, Frantzia Intsumisoak eta Polo Ekologistak osatuko dute hauteskunde legegileetarako Herri Batasun Berria.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko maiatzaren 06a

Frantziako Alderdi Sozialistaren Nazio Kontseiluak Herri Fronte Ekologiko eta Sozial Berrian sartzea onartu zuen atzo, ekaineko hauteskunde legegileetan aurkezteko. Eztabaida bero baten ostean onartu dute "fronte popular" berrian sartzea, aldeko %62,3 bozekin.

Indar ultraeskuindarren eta kontserbadoreen igoerari aurre egin nahi diete, eta helburua hauteskundeak irabazi eta Jean-Luc Mélenchon Lehen Ministro izatea da.

Akordio honekin, lau poloko frontea aurkeztuko da hauteskundeetara: Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Frantzia Intsumisoa (Frantzia Intsumisoa, Parti de Gauche, Ensemble, Picardie Debout eta Révolution Écologique pour le Vivant) eta Polo Ekologista (Les Verts, Les Nouveaux Democrates, Generations eta Generation Ecologie).

Alderdi Sozialista, kolokan

Inoizko egoera okerrenean dago Frantziako Alderdi Sozialista; izan ere, azken hauteskunde presidentzialetan inoizko emaitza okerrena izan du, Anne Hidalgok botoen %1,9 bakarrik jaso baitzituen. 2017ko hauteskunde presidentzialak ordura arteko okerrenak izan ziren, Benoît Hamonek botoen %6,36 bakarrik jaso zituen eta.

Egoera larri honetan, Herri Batasun Berrira batzeko erabakia hartu du Alderdi Sozialistaren Nazio Kontseiluak, alderdia desagertzear dagoela dioten zurrumurruen artean.