argia.eus
INPRIMATU
Alderdi soberanistek A9ko kontsultara nola iritsi erabaki behar dute
  • Hilabete besterik ez da falta azaroaren 9rako eta Kataluniako kontsultaren ateak irekita dira oraindik, Madrilek Kontsulta Legea eta dekretua behin-behinekoz suspenditu baditu ere. Ateak zabalik dira, baina inork ez daki zer gertatuko den.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko urriaren 09a
Katalunian galdeketa egitearen alde dauden alderdiak berriz bilduko dira ostegunean.

Joan den ostiral eta larunbatean alderdi soberanistek A9ko kontsultari elkarrekin eustea lortu zuten, baina ez da argitu oraindik erronkari nola eutsiko zaion. Ostegun arratsaldean beste bilera bat izango dute bidea zehazteko.

Joan den asteburutik aurrera, dena den, badirudi ez dela bakarrik Generalitatea kontsulta aurrera eramatearen arduraduna bakarrik, eta hainbat informazioren arabera, alderdi soberanisten arteko batzorde bat zuzenean ari da ari da arduratzen kontsultaren gaiaz.

Azaleko kontuak, baina, bestelakoak dira. Kontsulta blindatzeko asmoz, ERC behin eta berriro ari da eskatzen gobernuan sartzeko, eta CUPek ere hala izan dadila eskatu du aste honetan. Mas presidenteak, aldiz, ez du horren beharrik ikusten, behin eta berriz A9an kontsulta egin egingo dela azpimarratuz.

Iragan ostiraleko bilerako ezusteetakoa –La Vanguardiako kronistak dioenaren arabera– hori izan omen zen hain zuzen, Masek kontsultarekin jarraitzeko agertutako erabaki irmoa.

Oraindik ere, Katalunian zein kanpoan, analista gehienek uste dute azken unean iragarritako kontsulta ez dela egingo eta alderdi soberanistek hauteskunde plebiszitarioak adostuko dituztela, baina gauzak ez daude batere argi.

Batetik, inkestek ez dute iragarpen onik CDCrentzat eta Masen helburua ERCrekin koalizioan joatea litzateke. ERCk kosta ala kosta A9ko kontsulta egin nahi du, baina behar bezalako berme demokratikorik ez balego eta hauteskunde aurreratuetara jo behar bada, CDC eta ERCren arteko programan independentziarena litzateke puntu nagusia, hau da, alderdi soberanistek gehiengo argi bat lortuz gero, Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatuko lukeela.

Aste honen hasieran aipatu zen urriaren 15erako Generalitateak arre edo so erabakiko zuela, baina Francesc Homs gobernu bozeramaileak gezurtatu egin zuen zurrumurrua.

Indarra hartzen ari den beste hipotesia kontsulta alternatiboarena da, ANC, Omnium eta udaletxeek eraman dezaketena. Hipotesi honetan, Generalitateko kontsulta asmoarekin ahalik eta luzaroen jarraitzea litzateke bidea, nazioartean Espainiaren debekua ahalik eta argien ikusarazteraino.

Kasu honetan, kontsulta alternatiboak ez luke ofizialaren indarra, baina soberanismo katalanak beste mobilizazio erraldoi bat egiteko baliatuko luke, bide batez herritarren parte hartze datuak termometro bilakatuz.

Pertsona kualifikatu askorentzat, ordea, gaur gaurkoz hori defendatzea kaltegarria litzateke. Hori dio, esaterako, Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluko kide Josep Maria Reniuk Vilawebi emandako elkarrizketa honetan: "Alternatiba ez litzateke kontsulta simulakroa egitea. Ez luke zentzurik kontsulta simulakro horretan indar inbertsiorik egiteak, ez luke izango patehartzaileek nahiko luketen eragina. Beste gauza bat da, azkenean kontsulta egingo ez balitz, Kataluniako herritarren %80ak azaroaren 9an bozkatzeko duen borondatearen erakusle modura, molde ikusgarriak bilatzea".