argia.eus
INPRIMATU
Oposizioko alderdiek ere “Cuadrilla busca cita” saioa erretiratzeko eskatu dute
  • EH Bildu, PP eta PSE alderdiek "Cuadrilla busca cita" saioa erretiratzeko eskatu diote EITBri, “berdintasunaren oinarriak urratzeagatik”. Igandean estreinatu zenetik ikusle askoren eta hainbat erakunderen kritikak jaso ditu eduki sexistak emititzeagatik.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 19a
"Cuadrilla busca cita" saioann emakumeak "merkantzia" bezala erabiltzen direla salatu dute (argazkia: eitb.com).

EH Bildu koalizioa izan da eskaera egin duen lehena, estreinaldiaren hurrengo egunean bertan. “Entretenimendu eta dibertsioaren aitzakiarekin balore eta estereotipo sexistak zabaltzeagatik”, eskatu dute saioa ken dezatela, Lur Etxeberria parlamentariak adierazi duenez.

Emakunderi ere esplikazioak eskatu dizkiete: “Saioak maskulinitate eta feminitate eredu hegemonikoak sustatuz beste esparruetatik gizarte parekide bat lortzeko egin diren ahalegin guztiak zapaltzen” dituela salatu du Etxeberriak.

Azken egunetan PP eta PSE alderdiek ere bate egin dute EH Bilduren eskaerarekin eta EITBri saioa ken dezala eskatu diote. Ekimena EITBko administrazio kontseiluaren hurrengo bileran eztabaidatuko da, datorren asteartean, eta hiru alderdiek gehiengoa izango dute.

2005. urtean onartutako Berdintasun Legeak hedabideei eduki sexista emititzea debekatzen die. EiTBko zuzendaritzak, ordea, programarekin jarraitzeko intentzioa duela adierazi du. Beraien ustez saioak ez du legerik urratzen.