argia.eus
INPRIMATU
Alderdi Moreko Francisco Sagasti da Peruko presidente berria
  • Manuel Merinok dimisioa emanik, bi bozketen bidez hautatu dute Peruko presidente berria. Kongresuan egin dira bozketak eta aldeko 97 boto eta kontrako 26 jaso zituen azaroaren 16an egindako bigarren bozketan Sagastik.

2020ko azaroaren 17a

Peruko Kongresuak bozketa bidez izendatu du Francisco Sagasti presidentetzarako. Alderdi Moreko hautagaiak 97 boto alde eta 26 kontra jaso zituen azaroaren 16an egindako bigarren bozketan. Hori horrela, azaroaren 10ean izendaturiko Manuel Merinoren kargua hartu du Sagastik, azken honek demisioa aurkeztu zuelako.

Bezperan ere egon zen bozketa baina ez zuen inork argiki irabazi, gutxienez 60 kongresukideren babesa beharrezkoa zuelako irabazleak. Rocio Silva Santisteban ezkerreko hautagaia atera zen lehen, baina 52 botorekin. Bigarren bozketa bidez argitu dute beraz lehendakari berriaren aurpegia.

Kongresuko kideek adostu zuten presidente berria Martin Vizcarra kargutik kentzearen aurka bozkatu zuten hemeretzi biltzarkideetako bat izatea, eta Sagasti izan da hautatua. Vizcarrak 2021erako deitu zituen hauteskundeak bermatu beharko lituzke Gobernu berriak ere. Oroit gara Viscarra kargugabetu zuela Kongresuak, gobernatzeko "ezintasun moral iraunkorra" leporaturik, ustelkeriagatik. 105 izan ziren Viscarraren aurka aurkeztutako zentsura-mozio horren aldeko botoak, 19 kontrakoak eta 4 abstentzioak. Kongresuan ordezkaritza duten indar politiko gehienek babestu zuten zentsura-mozioa; Alderdi Morea eta Somos Peruko ordezkari gehienak aurka azaldu baziren ere.

Sagasti Munduko Bankuak arituriko politikaria da.

Krisi politiko eta soziala

Presidente ohiaren kargugabetzeaz geroztik krisi politiko eta soziala areagotu da Perun. Hain zuzen, herritarren babes zabalik gabeko gobernua osatu zuen Merinok, eskuin muturrarekin eta enpresari handiekin harreman estuan. Protesta eta manifestazio bidez adierazi izan dute herritarrek desadostasuna –eta hildakoak eragin dituen errepresioz erantzun die gobernuak–. Bozketen asteburuan ere bi hildako eta ehunka kolpatu eragin ditu errepresioak. NBEk ere deitoratu egin ditu "atxiloketa bidegabeak", "neurrigabeko indarkeria" eta "kazetariek jaso erasoak".