argia.eus
INPRIMATU
Alderdi independentista kataluniarrek Madrilekin negoziatzea gaitzetsi dute CDRek
  • Katalunian duela bi urteko erreferenduma babesteko eta haren ondorioz aldarrikatutako errepublika defendatzeko sortu ziren plataformek agiri oso kritikoa argitaratu dute alderdi independentistekin.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 11
CDRen manifestazio bat Bartzelonako Sants auzoan (argazkia: Victor Serri / La Directa).

PSOE eta ERC Espainiako Gobernu berria osatzeko negoziazioetan ari diren bitartean eta Generalitatea ere Madrilekin negoziatzeko zirrikituak bilatzen hasi denean, Kataluniako CDRek agiri kritikoa publikatu dute. 2017Ko urriaren 1eko erreferendumaren ondotik aldarrikatutako errepublika defendatzeko sortu ziren herri-plataformek gogora ekarri dute galdeketa horren emaitzak adierazi zuen “eskari argia”, gaur egun indarrean jarri ez dena.

“Bi urte baino gehiagoz herri boterea sortu dugu eta horrek aukera eman digu erregimenaren aurka oldartzeko”, adierazi dute. Prozesu independentistako buruzagien aurkako sententzien aurrean herritarrek emandako erantzuna ere “herri gisa egindako autodeterminazio ariketa” izan dela aldarrikatu dute CDRek. “Mobilizazioetan erakusten ari gara gobernu bakar batek edo instituzio bakar batek ezin izango duela Kataluniako herriaren borondatea eta determinazioa”.

Premisa horiek kontuan izanda, Generalitateak eta Espainiako Estatuak hitz egiteko aukeraren aurrean, hiru konstatazio egin dituzte CDRek: batetik, adierazi dute ezin dela inolako negoziaziorik egin preso politiko guztientzat amnistiarik ez dagoen bitartean, atzerriratuak itzultzen ez diren bitartean eta independentismoaren aurkako “jazarpen ideologikoa” eteten ez den bitartean.

Bestetik, CDRen ustez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren emaitza aitortu behar du, baita Espainiako Estatutik independente izateko “zalantza bako herri-borondatea” ere. Azkenik, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioen historiala gogora ekarri dute, exijitzeko negoziazioak nazioarteko bitartekari baten bidez egin daitezela, gardentasuna ziurtatzeko.

“Baldintza hauek ez dira betetzen eta, horrenbestez, negoziazio-simulakro honetan iruzurra ikusten dugu, irain bat eta gutxiespen bat Kataluniako herri osoari eta demokraziari orokorrean”, adierazi dute agiriaren amaiera aldera. “Ez dezagun utzi errepresioak independentziaren bidetik desbideratu gaitzan”.