argia.eus
INPRIMATU
Alderdi Egunean, Ortuzarrek azpimarratu du EAJ ez duela “inork” dagoen tokitik mugituko
  • Alderdi Eguna ospatu du EAJk igandean, Forondan. Andoni Ortuzarrek azpimarratu du EAJri "berriz ere ilusioa piztea" dagokiola, baita errealitate eta erreferente berrietara irekitzea ere.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 25
Milaka lagun elkartu dira igandean Forondan, EAJren Alderdi Egunean. (Argazkia: EAJ)

"Inork ez du EAJ dagoen tokitik mugituko. Inork ez gaitu eramango guk nahi ez dugun tokira, baina guk ere ez dugu euskal gizartea nahi ez duen tokira eramango". Hala esan du igandean Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarerko presidenteak Forondan (Araba), EAJk ospatutako Alderdi Egunean. Milaka lagun elkartu dira 47. edizioan.

Adierazi du garai politiko "konplexua" dela honakoa, komunitatean gutxiago bizi garela eta indibidualismo handiagoa dagoela. Ortuzarren hitzetan, egoera horrek mesede egiten die "populismoari" eta "estremismoei", baina EAJri "berriz ere ilusioa piztea" dagokiola azpimarratu du. "EAJk entzun du herritarrek azken hilabeteotan esandakoa, udal eta foru mailako lehen indar izatera eraman gaituztenek zein botoa ematera ez joatearekin kargu hartu digutenek”.

"Batzokien erosotasunetik ateratzeko garaia" dela azpimarratu du, "errealitate eta erreferente berrietara irekitzekoa". Euskadik autogobernurako eta aurrerabiderako bidetik jarrai dezan, "benetako" aurrerabidea azpimarratu du, eta ez "edonola" aldarrikatzen dena, oposiziotik "erraz" hitzematen baita, bere ustez.

EAJren DNA

EBBko presidenteak esan du DNAn dituzten geneek bideratu dutela EAJ nazio honen "lider" izatera. DNAko kromosomak irudikatzen dituen marrazkiak kate forma du, eta horrekin irudikatu du EAJren katea ere; adierazi du "ez dela eten". Gene horietan omen daude historian EAJren kide izandako hainbat pertsonak egindako ekintzak. Besteak beste, Agirre, Arzallus, Ibarretxe eta Urkullu aipatu ditu.

Espainiako demokrazia, "gaixorik"

Ortuzarrek Espainiako Gobernuko demokrazia "indartu" behar dela azpimarratu du, "instituzioak indartzeko eta prestigiatzeko, sistemari egonkortasuna emateko eta gure maila demokratikoa Europakoa bezalakoa izan dadin". Esan du bide horretan egongo dela EAJ, eta beste alderdi eta entitate sozialekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi du. Bereziki eskua luzatu nahi izan die "greba eta protesta bide bakartzat jo dutenei". Bere ustez, konponbidea ez da grebatik etorriko, elkarrizketatik eta akordiotik baizik.

Ortuzarren hitzek izan dute Alderdi Egunean oihartzunik handiena, baina Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Amaiur Guindeo Nafarroako EGIren idazkariak ere hartu dute hitza. Urkulluk EAJren balioez hitz egin du, eta auzolana azpimarratu. Balio horiek dira "pertsonaren zentraltasuna, oparotasuna partekatzea, gizarte-kohesioa eta lankidetzaren, akordioaren eta aliantzen kultura politikoa". Guindeok, berriz, esan du "zazpi euskal lurraldeetako gazteria" prest dagoela Euskadiren etorkizunari "gogoz beteta" heltzeko.