Azken asteetan Kataluniako egoeraren gainean adierazpen orokorrak egiten aritu dira EAJ arduradun politiko gehienak. Alderdi Egunean aldiz, errepresioa gogor salatu eta erreferendumaren eta erabakitzearen eskubidearen alde egin dute argi. “Bitartekari lanak” egitera aurkeztu dute euren burua, “dituzten indar politiko eta eraginkortasun guztia legezko erreferendum baterako akordioa” lortzeko.
40. urte darama EAJk Alderdi Eguna ospatzen, 1977an Aralarren lehen aldiz antolatu zutenetik. Kataluniaren erreferendumaren aldeko mezuak nabarmenak izan dira arduradun guztien ahoetan.
Ortuzarren esanetan: “Elkartasun oso eta handiena erakutsi nahi diegu Kataluniako instituzioei eta egun hauetan atxiloketak jasan dituztenei. Benetako zentzugabekeria demokratiko eta politikoa da gertatzen ari dena”.
EAJk duen indar politikoa erabiliko duela agindu die bertaratutako milaka jeltzaleei Ortuzarrek, Kataluniako instituzioen eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekaritza egiteko.
Urkullu urrunago joan da eta “Estatu eredua hautsita” dagoela esan du. Akordioen bidez hobetu daitekeela iradoki du berriz ere: “Ezezko jarrera politikoak eraman gaitu egoera honetara. Geroz eta polizia, atxiloketa, inposaketa, fiskal eta epaile gehiago erabili, geroz eta arazo politiko handiagoa”.
Ezker Abertzalearen eta gehiengo sindikalaren kontra baizik hitz gogorrak luzatu zituen Ortuzarrek: “EAJ egurtzeko obsesioa dute, baina jakin dezatela aurrean izango gaituztela”.
Arnaldo Otegi (EH Bildu) Txiki Muñozen (ELA) oihartzuna dela esan du Ortuzarrek: “Berdina errepikatzen du, baina beranduago”. Fronte politiko-militarra fronte sindikalarengatik ordezkatu nahi dutela esatera iritsi da Euskadiko Buru Batzarra.