argia.eus
INPRIMATU
Konkista alderantziz: zapatistek ekin diote Europarako bidaiari
  • Nazio Askapenerako Armada Zapatistako (EZLN) kideak Mujeres Uhartetik (Mexiko) abiatuko dira maiatzaren 3an, Galiziara bidean. "La Ruta de Ixchel" izena du ibilbideak. Taldea zazpi pertsonak osatzen dute, denak mexikarrak eta maien ondorengoak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 28a
Argazkia: EZLN

Kontinente amerikarra inbaditu zuten konkistatzaileek duela 500 urte baino gehiago egindako ibilbidea alderantziz egingo dute EZLNko kideek. Maiatzaren 3an hasiko dute bidaia Atlantikoan zehar. Zazpi zapatistek osatutako talde batek Quintana Roo mexikar estatuko Mujeres Uhartera jo du astelehenean, Mexikoko hegoaldeko Chiapas estatuko mendietatik hasita. Handik, datorren astelehenean itsasoratzea espero dute. Ekainaren erdialdean Galiziako kostaldera iristea aurreikusten dute. Maien kondaira baten arabera, Ixchel, maitasunaren eta emankortasunaren jainkosak, honela esan zuen: “Ekialdetik etorri ziren heriotza eta esklabotza. Bihar, ekialdera, bizitzak eta askatasunak nire hezur eta koskorren baitan nabiga dezatela”.

El País egunkariak jaso ditu ibilbidearen nondik norakoak. Eskuadroia zazpi pertsonak osatzen dute, denak mexikarrak eta maien ondorengoak, eta “ozeanoaren alde honetako jatorrizko beste herri batzuekin mina eta amorrua partekatzen dute”, EZLNk bere web orriaren bidez jakinarazi duenez. Astelehen honetan ibilbidea hasi duten ordezkaritza horretako kideak “beranduenez ere” ostiralean iritsiko dira Mujeres Uhartera, eta han hartuko dute Europara eramango dituen Mendia izeneko itsasontzia .

Taldeari “421 eskuadroia” deitu diote, lau emakumek, bi gizonek eta ez gizon ez emakume identifikatzen den pertsonak batek osatzen dute. Lehorreratzea lortzen badute giro paregabea egongo dela esan dute: “Festa, dantza, abestiak eta cumbia izango dira”. Ondoren, Europako beste hainbat herrialdeetara ere joko dute. “Ozeanoaren bi aldeetan, mezu labur batek espektro elektromagnetiko osoa estaliko du, eta ziberespazioa, eta haren oihartzuna bihotzetara iritsiko da”, dio astelehen honetan zabaldutako komunikatuak. “Inbasioa hasi da”, amaitu dute umorez zipriztindutako agiria.