argia.eus
INPRIMATU
Aldebikotasunaren gezurrak

Dani Sánchez Iraola @danwasd_ 2020ko irailaren 25a

Alderdi soberanista askoren mantra da aldebikotasunaren ideia. Aldebikotasuna, bestelako testuinguruetan emaitzak eman dituenez, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren testuingururako zuzenean estrapolagarri dela defendatzen dute eusko alderdi soberanista askok. Aipatzekoa da, bederen, hala izan dela zenbait herrialdeetan; hor ditugu, esaterako, Eskoziako 2014ko erreferenduma edo Kaledonia Berriko deskolonizazio-prozesuaren barneko bi erreferendumak. Beraz, argi gera dadila hau ez dela, zentzu zabalean, aldebikotasunaren aurkako kontzeptuaren aurkako okada, baizik eta, sistema espainolaren baitan, aldebikotasunaren ideiak dakartzan gezurren azaleratze-saiatze hutsa baizik.

Iritzi-paragrafo hauek idazten nituela, sortutako galdera argienetako bat testuaren beraren izenburua izan zen. Tituluaren bertsio aurreratuenean aldebikotasunaren gezurrak agertzen bada ere, lehen momentuetan gezurrak hori mugak hitzaren ordez zegoen trukaturik. Eta, egia esan, izan liteke aldebikotasunaren mugak izenburu aproposagoa izatea kasu honetan; izan ere, Espainiako Estatuan (edo Espainiako Estatuaren aurka) aurkitzen dugun muga zurrun eta, izatez, mugiezin hori gezur batetik baino muga batetik gertuago kokatzen da.

"Espainiaren tempo eta nahiak onestea ez dio Euskal Herriari onurarik ekartzen. Espainiari eskumen-kondarrak erregutzea ezer gutxi egiten du nazio-askapenaren alde. Haatik, Espainian egonkortasuna mantentzeak, Espainiako aurrekontuak ontzat emateak edo Espainiako Gobernu Zentralarekin akordiotara iristeak asko egiten du"

Aipatu bezala, atado-y-bien-atado-ren Espainiaren baitan, aldebikotasuna, nazio-askapenari dagokionez, ezinezkoa da; hor dugu EAJren lehendakari ohiaren Plana, hor ditugu Kataluniaren plebiszitu-eskumenak lortzeko eskari amaiezinak. Frankismo ostearen gorenean onetsitako 1978ko Espainiako Konstituzioak ez ditu halako aldebikotasun-nahi hauek batere atsegin, eta hala zedarriztatzen du, besteak beste, bere 149. artikuluan. Espainiako Gobernu Zentralari dagozkion eskumen esklusiboek oro aldebikotasun-saiakera guztien porrota aurresaten dute; erreferendum-eskumenak eta, bidez batez, burujabetza-lortzerako eskumen oro babestuz.

Askok esango dute Eskoziako edo Quebeceko kasuetan ere konstituzio-bermea a posteriori bilatu behar izan zela, jatorriz beren Konstituzioek ez zutela nazio-askapenerako bide bateratu-aldebiko bat mugatzen. Eta hala da, aferaren nukleoa hori ez bada ere; afera, berriro ere, Espainiako testuingurua da. Espainiako atado-y-bien-atado hori 78ko Konstituzioa erreformismo-kutsu guztietatik ahalik eta modurik azkarrenean alde egiteko diseinatua dagoela esan nahi du, immobilismo eredugarrienean ia. 78ko Konstituzioa, eta bere sistema autonomikoa, nazio-askapenerako mugimenduak isilarazi, erreprimitu eta, askapen-ilusio faltsupean uztarri espainolpean mantentzeko diseinaturik dago.

Eta testuinguru horretan sartzen dira Euskal Herriko (edo, testuinguruaz ari garela, Hego Euskal Herriko) alderdi soberanistak. Asko legoke aipatzeko, bide batez, alderdi hauek independentista adjektibotik soberanista adjektibora egindako migrazioaz. Batasuna-ostearen jarraitzaile ideologikoek, adibidez, Kataluniako konbergentzia-ostearekin paralelismo bat egitearren, Euskal Herri independentea Madrilekin akordatu beharrekoa dela defendatzen dute, bide bakar modura. Eta, bitartean, azken helburu modura, Gernikako Estatutua betetzea. Eta modu honetan, multilateralismo moduko hitz proparoxitonoen atzean, Espainiako atado-y-bien-atado horren onespena eta legitimazioa agertzen da. Espainiaren tempo eta nahiak onestea ez dio Euskal Herriari onurarik ekartzen. Espainiari eskumen-kondarrak erregutzea ezer gutxi egiten du nazio-askapenaren alde. Haatik, Espainian egonkortasuna mantentzeak, Espainiako aurrekontuak ontzat emateak edo Espainiako Gobernu Zentralarekin akordiotara iristeak asko egiten du. Asko egiten du Francok a dedo ezarritako monarkia sasi-parlamentarioaren alde, non disidentziarik minimoena ere tiroka, kare biziaren bidez, kartzela-zigor edo erbestearen bidez ordaintzen den.

Beraz, bere eskutan dituen arma guztiak erabiliko dituen Espainia baten aurkako nazio-askapenerako prozesu bat hasi nahi bada, eta hori bada gaur egungo ezker abertzalearen helburua [sic], ez dago aldebakartasuna ez den bide posiblerik. Arma politikoak –155. artikulua, matxinada- eta sedizio-delituak hautetsontzi eta eztabaida parlamentarioen aurka edo disidentziaren aurkako Alderdi Legea– zein arma literalenak –Estatu-terrorismoa zein okupazio-indarren bidezko errepresioa– erabili dituen eta erabiltzeko prest dagoen Estatutik aske izateko bidea aldebikotasuna dela gezur hutsa da. Eta, beraz, testuinguru horretan aldebikotasuna defendatzen duenak, marko espainolaren parte baino ez da; Euskal Herrian independentista plantak egiten dituena, baina herri-subiranotasuna zapaltzen duen parlamentu arrotzean hautesle-nahiaren aurka modu zuzenean.