argia.eus
INPRIMATU
Alde guztietako mugimenduak Bilduren epaia atera aurretik
  • ARGIA.com Bilduren auziaren jarraipen berezia egiten ari da egunotan. Gaur minutuz minutu azala eguneratzen joango gara, eta Bilboko manifestazioa eta eserialdia bertatik jarraituko ditugu. Konstituzio Epaitegiaren erabakia ere, jakin bezain pronto izango duzu irakurgai.

    22:15: Duela gutxi jakin izan da Konstituzio Auzitegiak Zalduendoko herritarren zerrendaren alde egin duela eta berau datozen hauteskundeetan egongo dela. Funtsean, auzitegiak argudiatu du, aldez aurretik legez kanpo utzi den alderdi baten egon izana ez dela nahikoa orain ere legez kanpo uzteko, beste aztarna batzuk ere behar direla horretarako eta kasu honetan ez daudela.

    20:40: Konstituzio Auzitegiko 2. aretoan berdinketa egon da eta Plenoak hartuko du erabakia. Zazpi epaile aurrerakoi eta lau kontserbadorek osatzen dute azken hori.

    18:30: Konstituzio Auzitegiaren aurrean 18:00etatik 20:00etara Bilduren alde egitekoa den kontzentrazioa debekatu dute eta polizia dago inguruan.

    17:00: Hogeita hamar bat gazte taldek –euskal herritarrak batzuk, europarrak besteak– Bilduren zerrenden ilegalizazioaren aurkako adierazpen bat sinatu dute. GaztEHerriari buruzko "ikerketa judizialik egiten ari diren" azal dezatela eskatu dute.

2011ko maiatzaren 05a

16:00 Hogei eurodiputatu inguruk gutuna igorri diete Europako Kontseiluko presidente Herman Van Rompuy-ri eta Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durão Barroso-ri, Bildu legez kanpo uztearen aurrean euren “kezka” agertzeko. Besteren artean, Romevak (ICV), Tremosak (CiU), Junquerasek (ERC) eta Bilbaok (EAJ) sinatu dute gutuna.

15:00: Bartzelonan ere Bilduren aldeko elkarretaratzea egingo dutela jakinarazi dute. Amics i Amigues d'Euskal Herria taldeak deitu du, 20:00etarako Sant Jaume plazan. Honekin, Bilbon (20:00etan Jesusen Bihotzetik abiatua), Iruñean (19:30ean Udaletxe enparantza,), Baionan (19:00etan Espainiako Kontsulatuaren aurrean), Zaragozan (20:00etan Espainia plazan), Madrilen (18:00etan Auzitegi Konstituzionalaren egoitzaren parean) eta Bartzelonan egingo dira protesta ekintzak.

13:00: EAk "erabat" ukatu du "gaur eguerdian zenbait hedabidetan agertutako informazioa", non ETArekin izandako balizko bilera bat aipatzen den, eta Fiskaltzak Konstituzio Epaitegian alegazioen artean aurkeztu duen. EAk jakinerazi du epaitegietara joko duela "jaurtikitako irainengatik".

12:45: EAJ, Aralar, EA eta EBk Bilduk hauteskundeetan egon behar duela defendatu dute Eusko Legebiltzarrean idatzi bat batera irakurriz. Joseba Egibar, Aintzane Ezenarro, Juanjo Agirrezabala eta Mikel Arana arduratu dira idatzia irakurtzeaz.

12:30: Guardia Civilak EAk 2009an ETArekin izandako bilera baten akta eman dio Konstituzio Epaitegiari.

11:40: Konstituzio Epaitegiak atzera bota du Hernano magistratuaren aurkako salaketa, eta beraz, indar politikoak 2. aretoan berriz berdinduta geratzen dira: hiru aurrerakoi eta hiru kontserbadore.

10:00 Gauerdia baino lehen erabaki behar du Konstituzio Epaitegiak Bilduri hauteskundeetan parte hartzen uzten dion. Bilduko kideek atzo arratsaldean aurkeztu zuten Gorenaren epaiaren aurkako helegitea, eta gau partean, Konstituzio Epaitegiko Jose Francisco Hernano magistratuaren aurkako errekusatzea, non eskatu duten hau kasutik kentzea. Hernano Goreneko 61. aretoko presidente izan da ezker abertzalearen proiektu ezberdinei Alderdien Legea aplikatu izan zaien kasu guztietan. Konstituzio Epaitegiko 2. aretoko sei magistratuek, hiru erabaki hartu behar dituzte: ea Hernano auzitik ateratzen duten, ea azken erabakia eurek hartuko duten edo Konstituzio Epaitegiko pleno orokorrera pasako duten, eta azkenik, azken epaia eman behar dute.

Bilduren legeztatzearen aldeko ahotsak geroz eta anitzagoak dira azken egunetan. Atzo bertan Gemma Zabaleta PSE-EEren diskurtsotik harago joan zen eta Gorenean Bilduren legeztatzea defendatu zuten magistratuekin lerratu zen. Gauean, Patxi Lopezek, bere aldetik, ETB2ko saio batean esan zuen epaia errespetatuko duela Eusko Jaurlaritzak, baina "Bilduri botoa eman nahi diotenen eta koalizioaren aldeko botoa eman nahi ez dutenen eskubideak bermatzea" eskatu zuen. Honez gain, atzo 400 abokatu eta EHUko irakaslek manifestu bat sinatu zuten hauteskundeetan Bilduren presentzia bermatzeko eskatuz.

Gaurko manifestazioa deitu dute Bilduko kideek Bilbon eta Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak Iruñean. Bilbokoa 20:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik eta eserialdeia egingo dute Areatzan epaiaren berri izan arte. Hasiera batean amaiera Moyua plazan izango zela iragarri bazuten ere, aldatzea erabaki dute "jendetza espero" dutelako. Iruñekoa 19:30ean hasiko da Udaletxe plazan eta hasiera batean behintzat, 21:30 inguru amaitzea espero dute. ARGIAk Bilboko manifestazioaren jarraipena egingo du.

Sarean ere mugimendu handia dago Bilduren partehartzearen inguruan. Jarraitu Bildu etiketa duten Twitterreko mezuak beheko leihoan.