Lau urte bete dira gaur Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumetik. Urteak pasa dira, eta errepresioa tarteko, galdeketa hori sustatu zuten alderdi independentisten jarrerak ere aldatu dira. Ostegunean, aldaketa hori islatuta geratu da Kataluniako Parlamentuan.
Ostegunean CUPek jarri du eztabaidagai Kataluniako Parlamentuan 2017ko erreferenduma posible egin zuen jarrera politikoa. Ondorengo testua bozkatu dute talde politikoek: "Kataluniako Parlamentuak konpromisoa hartuko du legegintzaldi hau amaitu baino lehen autodeterminazio erreferenduma egiteko, eta, beraz, Generalitateko Gobernuari eskatuko dio berehala has ditzala erreferenduma bermatzeko beharrezkoak diren eztabaidak eta lanak".
Emaitza oso argigarria: CUP bakarrik geratu da alde bakarreko bide horretan. Gobernuko buru den ERCk abstentziora jo du, eta gainerako talde guztiak, Junts, Catalunya En Comú, PSC, Ciutadans, PP eta VOX kontra.
Aldiz, ERC eta Junts hanka bat elkarrizketan eta bestea konfrontazioan jartzearen alde agertu dira. Beste ebazpen batean, Espainiako Gobernuarekin hitz egiten jarraitzeko jarrera berretsi dute. Proposamen horretan PSCren eta Catalunya En Comú-ren babesa jaso dute.
"Aldebakarreko erreferenduma egingo bagenu, zer egingo genuke desberdin?", adierazi du Juntseko bozeramaile Monica Salesek. "Gure ustez, Urriaren 1eko erreferenduma beste erreferendum adostu batekin ordezkatzeak bakarrik du zentzua, Espainiako Estatuarentzat loteslea dena eta nazioartearentzat erabat onartu beharko duena", azpimarratu du.
ERC, negoziaketa eta espiritua
Urriaren 1eko erreferenduma oroitzeko ekitaldiak egiten dira Katalunian gaurko egunez. Generalitateak Bartzelonan egindako ekitaldi instituzionalean Pere Aragones presidenteak alderdi independentisten batasunaren aldeko deia egin du, eta defendatu du independentzia erreferendum berri bat egitea dela Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka politikoaren irtenbide bakarra: "Erreferenduma irtenbide saihetsezina da, orain, urriaren 1eko espiritua berreskuratu behar dugu".