argia.eus
INPRIMATU
Aldatu Gidoiak salatu du ETBk gaztelerari lehentasuna eman diola berriro ere
  • Mugimenduak mahai gainean jarri du euskarazko edukiak sustatzeko beharra, eta horren aurrean ETBk duen interes falta. Lehentasuna gaztelaniazko saioei ematea egotzi dio. ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, aldaketa eskatu dio telebista publikoari.

Leire Ibar 2024ko urriaren 01

 

ETBk irailaren 3an, Gasteizen, aurkeztu zituen denboraldi berriaren nondik norakoak. Aldatu Gidoia taldeak Euskal Telebistak bertan plazaratutako zenbait erabaki salatu ditu.  Mugimenduak jakitera eman duenaren arabera, badira kalitatezko eta euskarazko edukia gauzatzeko baliabide, aktore zein umoregileak. Hori horrela izanda ere, telebistak gaztelaniazko edukien alde egiten duela berretsi du, Aldatu Gidoiak Leporatu dionez.

Hainbat izan dira ETBk kaleratu dituen saio berriak. Entzutetsuenen artean dagoen Vaya semanita, gaztelaniaz ekoitzi dela gaitzetsi du Aldatu Gidoiak: ''Vaya semanita saioan aktore euskaldunak ikusiko ditugu gaztelaniaz lan egiten, beste behin''. Estreinatu berri den Generación Click dokumental sailean ere hautu berdina egin dutela adierazi du. ''Saio honetan gazte euskaldunak erdaraz jarri ditu''. Aurkezpenean ETB3 aipatu ez izana ere nabarmendu du eta haur eta gaztetxentzako euskararazko eduki berritzaile eta erakargarrien falta salatu du.

Aurretiaz ere Aldatu Gidoiak seinalatu ditu ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren hautuak. Maiatzaren 18an, manifestazioa egin zuten Gasteizen, kultura eta ikus entzunezko politikak errotik aldatzea eskatzeko. Bide horretan jarraituko duela adierazi du mugimenduak, ETB zein Eusko Jaurlaritza interpelatzen eta mobilizatzen.