argia.eus
INPRIMATU
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan
  • Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala euskarak lehentasuna izan dezan.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 29a
Maiatzaren 18an Gasteizen egingo den mobilizaziorako deialdia Altsasun egin zuten apirilaren 24an. Argazkia: zinea.eus.

Aldatu Gidoia mugimenduak 2023ko irailean egin zuen lehen agerraldia eta orduko hartan hainbat kezka eta aldarrikapen plazaratu zituen. EITBren azken urteotako norabidearekin arduratuta dago mugimendua. Kanpainaren eragileek azpimarratu dute ikus-entzunezkoek “iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza kohesiorako” duten garrantzia, eta kexu dira, Eusko Jaurlaritzak ez duelako euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen alde “behar beste egiten”. Beraien ustez, Jaurlaritzaren ikus-entzunezkoetako politikek euskara baztertzen dute eta euskaldunen hizkuntza eskubideak ez dituzte errespetatzen. EITBri dagokionez, nabarmendu dute euskaldunen artean eta gizartean ere, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dutela erreferentzialtasuna eta prestigioa, eta bigarren mailan gelditu direla euskarazko telebista eta irratiak. Gogorarazi dute “hizkuntzarentzat zerbait estrategikoa bada, Euskal Telebista indartsua izatea” dela.

Mugimenduak euskara erdigunean jartzea aldarri egingo du maiatzaren 18an, Gasteizen, 17:30ean hasiko den mobilizazioan. Eusko Jaurlaritzari EITBn euskararen aldeko hizkuntza politika egitea eskatuko dio, baina baita euskara erdigunean jartzea ere gainerako ikus-entzunezkoetan, hala nola zineman eta plataformetan. Apirilaren 25ean, EITBk Makusi aurkeztu zuen, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma.

Aldatu Gidoiaren kanpainaren alde hainbat eragilek egin zuen bat 2023ko irailean, eta maiatzaren 18ko mobilizazioa babestuko dute talde hauek: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, AEK-ak, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak.

Ondorengo bideoetan Aldatu gidoia mugimenduak egindako agerraldia.