argia.eus
INPRIMATU
“Iruñea After Barcina, Nola?” jaialdian, aldarrikapenak ospakizun
Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 29a

Kaleak berreskuratu eta espazio publikoen erabilera aldarrikatuko dute: "Orleans Berrian New Orleans After Katrina ospatu zuten, guk geure Iruñea After Barcina izango dugu. Hemen, han bezala, urakanak atzera egitean jendeak aurrera bultza egiten du".

Ion Celestino musikaria Iruñea After Barcina, Nola? Festen antolatzaileetako bat da. Entzun! agerkari digitalean egindako elkarrizketan aditzera eman duenez, jaialdiaren egun handia igandea izanen da: “Kaleko ikuskizun bat izanen da, mugimenduan gertatzen dena, kaleak berreskuratu eta gozatzeko asmoz. Sekulako dirutza eta azpiegiturak beharrezkotzat jo ordez, buruari eragin eta beste bide batzuk jorratuz”.

Umorea gidari, Yolanda Barcina Iruñeko alkate izandako garaian suntsitutako espazioak aldarrikatu nahi dituzte, aldarrikapena ospakizun bihurtuz: “Berreraikuntza lanak festa giroan hasi behar ditugu. Ekitaldi gehienak ez dira epe luzeko proiektuak, baizik eta behin gertatuko direnak, eta ziurrenera gauza berriak gertatzea ahalbidetuko dutenak”.